Eloy Velasco epailearen arabera, Tantaz Tanta Herriraren oinordekoa da. Eta honenbestez, biharko Bilbon deitua zegoen mobilizazioa debekatu du. Mobilizazioa galarazteko beharrezko neurriak hartzeko agindu die Ertzaintzari, Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari. Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak eginiko eskaera onartu du beraz.
Velascok erabaki hau hartu aurretik, Pablo Ruz epaileak ez zuen arrazoirik ikusten Tantaz Tantak deituriko ekimena debekatzeko. Azken erabakia ordea, Eloy Velasco epailearen esku utzi du. Eta honek, aipatu moduan, biharko presoen eskubideen aldeko mobilizazioa debekatu du.
Erabaki honi desadostasuna agertzen hasiak dira herritarrak sare sozialen bidez. Velascoren debekuari, herritarrak Twitter bidez erantzuten ari dira, mezuei #NiBanoa erantsita.
Gogoan izan, Bizkaiko hiriburura joateko Usurbildik bi autobus zerbitzu antolatu dituztela; lehenengoa goizeko 10:00etarako, bigarrena arratsaldeko 15:00etarako. Izena emateko zerrendak ohiko lekuetan jarri dituzte.
BI OLATU HANDIREKIN, ITSASO ERRALDOIA OSATZERA
"Giza eskubideak, irtenbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira" lemapean, preso eta iheslarien eskubideen aldeko mobilizazioa deitu du "Tantaz Tanta" ekimenak, larunbat honetan, urtarrilaren 11rako Bilbon. Ez da ohiko manifestazio handi bat izango, antolatzaileek sakabanaketaren aurkako itsaso handi bat osatzera joateko gonbita luzatzen diete herritarrei.
Egun osoan ekitaldiak izango dira goizeko 11:00etan hasita Areatzan, lau guneetan banatuta; Tximeleta, Gose, Xutik eta Kaotikoren kontzertuak, musikari ezberdinen kolaborazioak, enkantea, presoek sorturiko artelanen erakusketa, haurrentzako jolas, tailer eta pailazoak, jan edana… Hori eta gehiago aurkitu ahal izango dira, Areatzan kokatuko dituzten lau guneetan.
Halere, eguneko hitzordu garrantzitsuena arratsalderako finkatu dute. 17:30etan, bi "olatu" handi osatzeko deia egiten diete herritarrei, bata Casillatik abiatuko dena, bestea udaletxetik. Ordubetera, "itsasoa" osatuko dute Bizkaiko hiriburuan. Gero, ekitaldiak izango dira Areatzan, gaueko 23:00ak arte. Urtarrilaren 11ko mobilizazio egunari begira, norbanakoen atxikimenduak biltzen ari dira Tantaz Tanta ekimeneko web gunean: www.tantaztanta.info
1. GUNEA: Karpa handia (11:00-23:00)
11:00 Zanpantzarra.
11:00-12.30 Haurrentzako emanaldia. Ane eta Piratekin parrandan.
12:30-15:00 Kolaboratzaileak: Petti, Francis (Doctor Deseo), Gozategi, Kokein akustikoa, Occhi di Farfalla, Uluka, Hesian akustikoa. Xabi Solano & Zigor DZ.
15:15-17:00 Tximeleta
17:00-19:00 Denok itsasora
19:30-22:30 Kontzertuak: Gose; Xutik; Kaotiko
2. GUNEA: Karpa txikia (11:00-22:30)
11:00 Sukaldearen irekiera: pintxoak, txahala, krema beroak eta kafea.
13:00-17:00 Bokatak, taberna, materiala.
17:00-19:00 Denok itsasora.
19:00-22:30 Bokatak, taberna, materiala.
3. GUNEA: Pasealekua (11:00-21:00)
Erakusketa: presoek egindako artelanak.
Tantarikaturak: marrazkilari batzuek eginak.
Enkantea: pertsona ospetsuen dohaintzak. 19:00ak arte dago aukera postura egiteko.
13:00-15:00 Enkantea hortxe bertan (kalitateko produktuak).
21:00 Zozketa berezia: Motozikleta (Scooter).
4. GUNEA: Arkupea (11:00-17:00)
11:00-17:00 Puzgarriak. Rokodromoa.
11:00-13:30 Haurrentzako jolas eta tailerrak.
12:00-13.00 Pailazoak: Puski eta Txurruski.