Paulino Ibargoien, Hernaniko txotx denboraldiaren irekieran

Noaua Aldizkaria 2014ko urt. 10a, 00:00

Bordatxoko Paulino ezagun egin zaigu azken hilabeteotan Usurbildik kanpo, Euskal Telebistako "Kontrako eztarria" saioari esker. Astelehenetik ostegunera, gaueko 21:30ak pasatxoan hasita ETB 1-ek eskaintzen duten saioko lan taldea, Paulino bera tartean, Hernaniko txotx denboraldiaren hasiera ekitaldira gonbidatu dute. Honenbestez, 2014ko sagardotegien denboraldi berriari ekiteko lehen tragoa edango dutenen artean izango da Paulino, Anjel Alkainekin batera. Ekitaldia, igande eguerdi honetan ospatuko da, urtarrilaren 12an, Hernaniko Plazan.

Bestalde, gaur zortzi inauguratuko dute txotx denboraldi berria Astigarragan, Alorrenea sagardotegian; urtarrilaren 15ean, 13:45ean hasiko den ekitaldian. Kalakan taldekoek izango dute, "gure sagardo berria" dastatzeko ohorea.

Hortik aurrera, sagardotegietarako joan etorriak hasiko dira. Usurbilen, Aginagan eta Zubietan, guztira sei guneetan dastatu ahal izango da sagardo berria: Iruin, Aialde-Berri, Urdaira, Aginaga, Arratzain eta Saizar sagardotegietan hain zuzen.