Zubietako esperientzia aztergai, euskara eta lurraldea lotuko dituen jardunaldietan

Noaua Aldizkaria 2014ko urt. 13a, 00:00

Ostegun eta ostiral honetarako, urtarrilaren 16 eta 17rako antolatu dituzte jardunaldiok Donostian, Udako Euskal Unibertsitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kontseiluak, eta Usurbilgo Udala kide duen UEMA-k, Euskal Herriko Unibertsitatearen babesarekin. "Lurraldea & Hizkuntza, Hizkuntza & Lurraldea" izenburudun jardunaldiak, EHU-k Gipuzkoako hiriburuan duen campusean burutuko dira, Carlos Santamaria zentroan.

Estreinako edizio honetan, "lurralde-antolakuntzak eta hirigintzak hiztun-komunitatearengan duten eragina landuko da. Hazkunde urbanistikoaren eta hizkuntza-aldaketaren arteko harremanaz hausnartuko da. Bereziki, arnasguneei edo euskaldunen metaketa demografikoa jazotzen den guneei dagokienez".

Hiru helburu nagusi bete nahi dituzte antolatzaileek:
-Geografia eta hizkuntzaren arteko harreman estuaz hausnartzea.
-Lurralde-antolakuntzak eta hirigintzak euskararen hiztun-komunitatearengan duen eragin zuzenaz ohartaraztea.
-Eragin hori kontuan har dadin hartu beharreko neurriez hausnartzea, bai kalteak murrizteko bai onurak indartzeko.

Arnasguneen arriskuez
Jardunaldiotako mintzagaien artean, Zubietako esperientzia hartuko dute ahotan ostegun eguerdian, 12:15-14:15 artean. "Arnasguneak euskararen herrian: arriskuak" izeneko saioaren baitan izango da. Gai honi lotuta, Zuberoa, Busturia, Zerain eta Zubietako esperientziak aurkeztuko dituzte. Zubietakoa Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo Udaleko alkate ohi, eta egun, Madrilgo Diputatuen Kongresuan, Amaiurko ordezkari denak. Hemen, saioan parte hartuko duten hizlariak:
-Zuberoako esperientzia: Beñat Etxebeste (besteak beste, Zuberoako Eperra ikastola laguntzeko elkartasun kanpainaren koordinatzailea).
-Busturiako esperientzia: Ziortza Bilbao, Kultura, kirola, hezkuntza eta euskara zinegotzia.
-Zubietako esperientzia: Xabier Mikel Errekondo.
-Zeraingo esperientzia.
-Moderatzailea: Dabid Arnaut, filologoa, euskara teknikaria.

Matrikulazioa doan
Aipatu moduan, jardunaldiok ostegun eta ostiral honetarako antolatu dituzte. Urtarrilaren 16an 8:30etan abiatuko dira, harrera eta dokumentazio banaketarekin. Jardunaldiok aurkeztu ostean, lurralde antolaketa, arnasguneak edota Euskal Herritik kanpora begira ere jarriko dira. Hemendik kanpoko arnasguneen garapenaz arituko dira. Ostiralean, lurralde-antolaketa eta gizarte erantzukizunari buruz hitz egingo dute, ondorioak atera eta etorkizuneko erronkei heltzearekin batera.

Aurpegi ezagun askok parte hartuko dute saioetan; besteak beste, jardunaldiotako antolatzaile diren erakundeetako ordezkariek, baita Gales, Flandria, edota Aland uharteetik etorritako adituek ere.

Matrikulatzeko epea, astearte honetara arte, urtarrilaren 14ra arte zabalik egongo da. Doan eman ahal izango da izena, www.ueu.org atarian. Web orrialde berean, jaso ahalko duzue egitarauaren berri ere. Argibide eta informazio gehiago: 943 82 14 26 (Irati) telefono zenbakian edo i.iciar@ueu.org helbidean.