Batukada feminista, emakumeei zuzenduriko ahalduntze ikastaro berria

Noaua Aldizkaria 2014ko urt. 13a, 00:00

Emakumeei zuzenduriko doako ahalduntze ikastaro berri bat antolatu du Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak; “batukada feminista”. Ikastaroa urtarrilaren 25ean martxan jarri asmo dute. Izen emateko epea irekita dago. Hasiera batean bost saio izango dira, bi astean behin, larunbat goizeko 11:00etatik 13:00etara, Zumarte Musika Eskolan. Musika instrumentuak antolatzaileek ekarriko dituzte. Proba moduko ikastaroa izango da, baina taldeak jarraitzeko gogoa izango balu, saio gehiago antolatu litezke. Esperientzia dutenen esanetan, ikastaro aberasgarria dela irizten diote ondo pasatzen baita, eta segurtasunean edota emakumeen arteko hartu emanetan ere asko irabazten baita. Usurbilgo emakumeak parte hartzera animatzen dituzte. Doan eman daiteke izena 943 377 110 zenbakian edo  parekidetasuna@usurbil.net helbidean. Ikastaroa Ainara Sarasketa Alberdik (ondoko irudian) eta Arantxa Vicedok gidatuko dute.

"Garapen pertsonala eta ahalduntzea" 
Aurreko ostegunean, urtarrilaren 9an hasi zen beste ahalduntze ikastaro berri hau, martxoaren 27ra arte luzatuko da. Saioak ostegunero izango dira, arratsaldez, 17:00-19:00 artean, bake epaitegi atzeko yoga lokalean, Pepa Bojo psikologoaren gidaritzapean. "Ikastaro honen helburua autoezagutzan eta garapen pertsonalean sakontzea da eta bide batez, emakumeon ahalduntzea eta harreman osasuntsuak sustatzea", berri eman dute, ekimena antolatu duten Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailetik. Ikastaroa doakoa izango da. Izena emateko:

-Idatzi email bat, parekidetasuna@usurbil.net helbidera.
-Deitu, 943 377 110 telefono zenbakira.