Herritar uholdeak Bilboko kaleak hartu zituen larunbaterako, EH Bildu, EAJ-PNV, Geroa Bai, ELA eta LAB-ek, "Giza eskubideak. Bakea. Konponbidea" lemapean deitu zuten manifestazioan. Mobilizazioa hasi aurretik ateratako argazkia da ondokoa. Bilbo erdiguneko Autonomia kalea duzue, jendez beteta. 130.000 lagun bertaratu ziren Bilbora. Guztia, bezperan Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak Tantaz Tantak urtarrilaren 11rako deituriko ekimen guztiak debekatu ostean izan zen. Euskal Herriko gehiengo sindikal eta politikoak erantzun bateratu bat eman zioten debekuari, eta erantzun horren islada izan zen, larunbat iluntzean Bilboko kaleetan bizi izan zena.
Jendetza batu zen Bizkaiko hiriburuan. Tartean, Usurbildik joandako herritarrak zeuden. Lau autobus bete ziren udalerri honetan. Goizean bat, eta arratsaldean beste hiru abiatu ziren, horietako bat bi pisukoa.