Ospakizun eta ekimen bereziekin gogoratuko du Kantu Taldeak, bost urte bete dituela jada. Hasteko, ikastaro berria abiatuko da astearte honetan, urtarrilaren 14an. Dakizuenez, entsegu saioetarako astean behin, asteartero biltzen da Kantu Taldea. 18:30-19:30 artean Udarregi Ikastolan. Edozein herritar gerturatu liteke urte osoan zehar, Susi Elosegi musika irakasleak gidatuta burutzen diren hitzorduotara. Bilgunean parte hartzeko asmoa duenak, izena entsegu saioetan bertan eman dezake. Ikastaro osoaren prezioa: 10 euro.
Kantua eta dantza
2009an osatu zen kantu taldeak urte berrirako lehen kantu-jirarako hitzordua finkatua du. Urtarrilaren 25ean, iluntzeko 19:00etan, Mikel Laboa plazatik abiatuko da. Aurreko edizioei jarraiki, “aurten dantza taldea ere lagun izango dugu, kantua eta dantza txandaka plazaratuz”. Betiko nortasunari eutsiko diote halere, euren esanetan, Kantuy Taldearen “helburuen artean, herrian, euskal kantuenganako giroa sortzea da Kantu jiren bidez, herriko ekimenetan parte hartuz: jaiak, kantu afariak, tradiziozko ekimenak… Horrez gain, kantuz aritzeko gizakiok dugun gozamenezko bertute hau berpiztea, euskal kantuen transmisioa bideratuz”.