Igandean Hernanin inauguratu zuten txotx denboraldi berria, eta Astigarragaren txanda dugu asteazken honetan. Alorrenea sagardotegian burutuko da 2014ko sagardo berria dastatzen hasteko antolatu den ekitaldia, eguerdiko 13:45etatik aurrera. Kalakan taldekoek izango dute, "gure sagardo berria" dastatzeko ohorea. Txotx denboraldi hasiera egun honen bueltan, honako ekitaldiok antolatu dituzte Astigarragan:
11:30-12:00: Komunikabideei akreditazioak emango zaizkie Sagardoetxean.
12:00: Prentsaurrekoa Sagardoetxean. Bertan azalduko dira 2013ko uztaren ezaugarri nagusiak, sagarraren eta sagardo berriaren ezaugarriak eta sagardoaren munduko gertaera garrantzitsuenak.
13:00: Kalakan taldeak sagarrondo bat landatuko du Sagardoetxeako sagastian.
13:45: Astigarragako Alorrenea sagardotegian “Gure Sagardo Berria” oihu eginda lehen kupela irekiko da eta honekin batera, txotx denboraldi berriari hasiera emango zaio. Ondoren, denboraldiko sagardotegiko lehenengo menua dastatuko da.
Egun guztian zehar. Astigarragako tabernek barrikoteak eskeiniko dizkiete bezeroei uzta berridun sagardoarekin.