Erabakitze eskubidearen inguruko "Gure esku dago" izeneko mugimendua herriz herri zabaltzen dabil azken hilabete hauetan. Usurbilen ere ordezkaritza izango du. Erabakitze eskubidearen inguruan indarrak biltzen ari den lan taldea osatu da eta bilera deitu du larunbat honetarako, urtarrilaren 18rako, goizeko 10:00etan Potxoenean. Herritarrei, "indarrak bikoizteko", hitzordura gerturatzeko gonbita luzatzen zaie.
Giza kate erraldoia, ekainaren 8an
Gogoan izan, hitzordu bat ere finkatua du jada Gure Esku Dago ekimenak; datorren ekainaren 8an, Durango eta Iruñea erabakitze eskubidearen aldeko giza-kate erraldoi batekin lotu nahi dute, eskuz esku, euskal herritarren laguntzaz. Informazio gehiago: www.gureeskudago.net/eu/
Atari horretan, besteak beste, giza-kate horretako metroa erosteko aukera egongo da. Pertsonako 5,80 euro ordainduta, metroa erosi eta antolaketa gastuak ordaintzen lagundu ahal izango da. Trukean, datorren udaberrian, giza-katerako izena eman duenak produktu sorta jasoko du, ekainaren 8ko giza-katea ikusgarriago egiteko. Eskualde bakoitzari giza-kate erraldoi horretako zati bat esleitu diote antolatzaileek. Sakana, Donostialdeari. Eta "Geure esku dago" Usurbilgo lan taldetik berri eman dutenez, "Usurbil Uharte Arakilen izango da, Nafar muga mugan! Baietz Usurbiletik 400! To erronka! zatozte!", luzatu diete gonbita herritarrei.