Danbor festa, ostiral bazkaloste honetan

Noaua Aldizkaria 2014ko urt. 17a, 00:00

Donostia edota Azpeitiari aurre hartuta, ostiral bazkaloste honetan, ikastolatik aurrez eskatu moduan, galtza urdin edo bakero, alkandora edo niki zuri eta laukidun lepokoarekin, jantziok soinean dituztela agertuko dira ikasleak Udarregira. Ezohiko arratsaldea izango dute gaur, urtarrilaren 17 honetan eskainiko baitituzte urteroko danborrada saioak. 

HH eta LHkoak entsegu saioetan entzun ditugu azken egunotan. Gaur plazara atera, eta danborra jotzen parekorik ez dutela erakutsiko dute, urtero bezala. Aipatu moduan, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasleen danborrada saio bana antolatu dute Udarregi Ikastolan. Orduotarako:

15:45-16:15 Haur Hezkuntzakoen saioa, Agerialdeko frontoian.
16:00-16:30 Lehen Hezkuntzakoen danborrada saioa, ikastolako plaza borobilean.

Astelehenean jai
Aurreko urteen antzera, 3-12 urte arteko haur eta gaztetxoak danborra jotzera irtengo dira beraz, urtarrilaren 17 honetan. Ohi baino bi egun lehenago, San Sebastian bezpera aurten igandez egokitu baita, eguna berriz, urtarrilaren 20a, astelehena. Gaur danborra joz agurtuko dute astea. Langile eta ikasleak, asteartean itzuliko dira ikasgeletara, San Sebastian Egunez jai egingo baitute Udarregi Ikastolan. 

Eta Donostian bertan zer esanik ez. Astelehenean hiriburura joan nahi duzuenok adi, Lurraldebus zerbitzuko geltokietan aldaketak izango baitira San Sebastian egunez, 10:30-14:30 artean, eguerdian ospatuko den Haur Danborrada dela eta:
-Donostiara sartzeko: 10:30ak eta 14:30ak bitartean, autobusak Donostiara San Martin kaletik sartuko dira, Easo kalerantz eta azken honetako bus errailetik ibiliko dira Pio XIIra sartzeko. Hori dela eta, bidaiarien jaitsiera geralekua Easo kalearen bidegurutzera lekuz aldatuko dute. 

-Donostiatik irteteko: 10:30ak eta 14:30ak bitartean irtengo diren autobusek, Easo kaletik burutuko dute. Zerbitzu hauentzako guztientzako, Askatasuna Etorbideko ohiko geralekua Zubieta kaleko 14. zenbakian burutuko da.

Informazio gehiago: 902 543 210 telefono zenbakian edo http://www.euskotren.es/ atarian.