Euskal identitatearen alde neurriak adosteko, nazio mailako bilkura deitu du Udalbiltzak

Noaua Aldizkaria 2014ko urt. 17a, 00:00

Otsailaren 22an deitu dute hitzordua, Ordiziako herri antzokian. Estatuen inposaketari aurre egin eta euskal identitatearen aldeko neurriak adostu nahi dituzte. “Herri gisa erantzun ez ezik, herri gisa aritu behar dugu” gogorarazten dute. Nazio mailako bilkura hau, eguerdian iragarri dute Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan, Udalbiltzako Nazio Gobernuko kideek.

Euskal Herria aintzat hartzen duten alkateak gonbidatu nahi dituzte Ordiziako ekitaldira. 200-300 alkate eta hautetsi inguru espero dituzte. “Euskal identitatea eta herritartasuna ozen adierazteko garaia heldu da, ekimen praktikoen bidez”, adierazi dute ostiral honetan Usurbilen.

Udaletik hasita, euskal herritartasunaren aldeko dinamika herritarra piztu nahi du Udalbiltzak. Bada zer egina, bada lanean nondik hasi, Usurbilgo alkate Mertxe Aizpurua buru duen erakundeko ordezkariek gaur azaldu dutenez. Lan ildoen artean daude; Espainiako bandera jartzeko aginduari erantzuna ematea; euskal herritartasun agiria sustatzea; Interneteko domeinu propioak garatzea; edota Aberri Eguna baliatzea, “nazioa garela aldarrikatzeko ez ezik, Euskal Herria aintzat hartzen duten eragile eta herritarrak elkartzeko, eta pauso berriak jakinarazteko”.

Bide propioa jorratzea
Herri gisa erantzun eta aritu beharra dagoela nabarmentzen dute Udalbiltzatik. Hori dela bidea, iragan larunbatean Bilbon egin zen manifestazioan gertatu bezala. “Herri gisa erantzun zela iritzi diogu”, Udalbiltzaren esanetan. Eta herri gisa aritu beharraren beste adibide ere txalotu nahi izan dute gaurkoan; apirilaren 13rako Etxarri-Aranatzen herritarrek antolatu duten independentziaren inguruko herri galdeketa.

Udalbiltza berrantolatu zenetik martxoan beteko da lehen urtea. Azken hilabeteotan egin den moduan, aurrera begirako ibilbide orria zein den gogora ekarri dute gaur; nazio eraikuntzan eta egituratzean, Euskal Herriak bere errealitate, behar, nahi eta indarguneetara egokituko den bide propioa jorratzea.

Herri gisa aritu eta erantzun beharra dagoela zioten gaur, espainiar eta frantziar estatuen inposaketen aurrean. Udalbiltzatik, bi estatuok giza eskubideak urratzen jarraitzen dutela salatu dute. “Euskal herritarroi Giza Eskubideen Nazioarteko Adierazpen Unibertsalaren 15. artikulua urratzen digute”, diote Udalbiltzatik. “Gurea ez den naziotasuna-frantsesa edo espainiarra inposatzen” baitute aipatu erakundearen esanetan.

2014a, itxaropen urtea
Halere itxaropenez begiratzen diote Udalbiltzatik, hasi berri dugun urteari, estaturik gabeko nazioen aldarria pil-pilean izango baitugu. Gogoan izan, Katalunian eta Eskozian independentziaren inguruko galdeketak iragarri dituztela. “Prozesu haietatik ikasteko eta haiek baliatzeko aukera ona dugu euskal herritarrok”, Udalbiltzatik diotenez.

Gurean, Etxarri Aranatzen deitu da independentziaren inguruko herri galdeketa apirilaren 13an. 2014a, estaturik ez duten nazioentzako deialdi garrantzitsuz josia dator: 

Otsailak 22: erakundearen lan ildoak jorratzeko, Udalbiltzaren nazio mailako bilkura Ordiziako herri antzokian.
Apirilak 13: independentziari buruzko herri galdeketa Etxarri-Aranatzen.
Apirilak 20: Aberri Eguna.
Maiatzak 25: Europako Parlamenturako hauteskundeak.
Ekainak 8: Durango eta Iruñea lotuko dituen erabakitze eskubidearen aldeko giza-kate erraldoia, Geure Esku Dago bilguneak antolatuta.
Irailak 18: independentziari buruzko erreferenduma Eskozian.
Azaroak 9: independentziari buruzko erreferenduma Katalunian.