12-16 urte artekoen sexualitatea aztergai nagusi izango duen ikastaroa antolatu du Usurbilgo Sexu Aholkularitza Guneak, otsailaren 11, 18 eta 25erako. Hiru saioak arratsaldez izango dira, 17:30-19:30 artean, eta aipatu guneko arduradunak bideratuko ditu, Elena Jimenez sexologoak. Ikastaroa, 12-16 urte arteko gazteen guraso eta hezitzaileei zuzendua dago. Izena emateko epea, urtarrilaren 27tik otsailaren 7ra arte luzatuko da. Apuntatzeko, sexuaholku@usurbil.net helbidera email bat idaztea aski izango da, edo baita bi telefono zenbaki hauetako batera deituta: 697 919 516 edo 943 377 110.
Neska eta mutilen ezberdintasunak eta ezaugarri biografikoa, sexu esterotipoak eta lehenengo jokabide erotikoak (bakarkakoa, bikotean edo taldean), maitemina eta desira, plazer globala eta genitala, Giza Erantzun Sexuala edota pornografia, gaiok jorratuko dira otsailerako iragarria dagoen ikastaroan.
Nola hitz egin?
Nerabeei sortzen zaizkien galdera edo zalantzak aztertu eta sexu heziketa bultzatzeko giltzarriak landu nahi dira. "Maiz, sexualitate gaiari heldu nahi diogunean gure gaztetxoak jada ez dute gurekin hitz egin nahi. Nola erantzun beraien galderei? Nola hitz egin? Zer behar dute? Zer ez zaie komeni? Sexu izaera biografikoa dugunez, jaiotzetik sortzen eta jasotzen ari garenak garrantzia du gaur egungo nire sexualitatea sentitzeko moduan. Nerabeari sortzen zaizkion galderak, zalantzak, beharrak, egoerak… aztertuko ditugu. Egoera zehatzen harira hezitzaile bezala dugun jarrera, aurreiritzi eta jokabideen azterketatik etxean edo eskolan sexu heziketa egiteko giltzarriak landuko ditugu", berri eman dute antolatzaileek.
Ikastaroan parte hartzeko gonbita luzatzearekin batera, interesdunentzako oharra: "Horregatik ikastarora etortzeko asmoa baduzu, arreta jarri egunerokoan eta gertaerak, egoera zehatzak, elkarrizketak, galderak jaso eta ikastaroan aztertzeko aukera izango baitugu".
Helburuokin antolatu du Sexu Aholkularitza Guneak ikastaro berri hau:
-Sexualitatea aberasten gaitun balore bat dela ikustarazi.
-Seme-alaben, ikasleen, sexu ezaugarri orokorrak ezagutu.
-Heziketarako klabeak eskuratu. Identitate anitzak, erotika, errespetuzko harremanak, ardurak eta eskubideak, potentzialak versus estereotipoak, kontzeptuak landu.
Sexu Aholkularitza Gunea zabalik:
Hilabetero, lehen, hirugarren eta egongo balitz, bosgarren astearteetan: 17:00-19:00 artean, Gizarte Zerbitzuen egoitzan.
Oharra: garrantzitsua, gunera jo baino lehen, aurrez hitzordua eskatu: sexuaholku@usurbil.net helbidean edo 943 377 110 eta 679 919 516 telefono zenbakietan.