Sexualitatearen ulermenerako esparru berri bat eskaintzea; sexualitatea balio gisa zabaltzea; begirunezko sexualitatea bultzatzea, harreman hierarkikoak gainditzea eta sexu errepresiboa atzean uztea; banakoaren eta harremanen autonomia areagotzea; aniztasuna eta interdependentziaren ideia sendotzea.
Helburuok landu asmo ditu hasi berri dugun 2014an, bi urte bete dituen Usurbilgo Sexu Aholkularitza Guneak. Hori guztia, betiko helburu orokorraz ahaztu gabe; “sexu bizipen positiboak, norbanakoaren ongizatean eta komunitatearen osasunean mesede egitea. Honi esker, Usurbilgo biztanleek pertsonen arteko harreman errespetagarriak, arduratsuak eta egokiak izan ditzaten lortuko dugu”.
Horretarako, “zerbitzuak, programak eta jarduerak sortuko ditugu, hainbat esparrutan esku hartzeko”. Gogoan izan batetik, herritarrei doako aholkularitza zerbitzua eskaintzen jarraituko dutela bi astean behin. Hilabete bakoitzeko lehen, hirugarren eta egongo balitz, bosgarren astearte arratsaldetan; 17:00-19:00 artean, Gizarte Zerbitzuetako egoitzan. Formazioa, prestakuntza eta orientazioa ere bultzatzen jarraituko dute, herriko eragileen artean. Sentsibilizazio eta prebentzio lana ere bideratuko dute. Printzipio hauen bueltan lan egin asmo dute: emakumeen eta gizonen arteko eskubide eta aukera berdintasuna; sexu identitatearen, desiren eta adierazpenen bizipen positiboa; eta sexuen arteko bizikidetza sinergikoa sustatzeko lanean.
Aholkularitza zerbitzuak harrera ona
Modu batean edo bestean, 340 lagunek baliatu dituzte azken bi urteotan Sexu Aholkularitza Guneak eskaintzen dituen zerbitzuak. Aurreko ikasturtean adibidez, 46 lagunek (36 emakume, 10 gizonezko) jaso zuten banakako aholkularitza aurrez aurre gunean bertan, telefonoz edo sare sozialen bidez. “Usurbilgo biztanleen kopurua kontuan hartuta, aholkularitzak oso harrera ona izan duela esan dezakegu”, azaldu digu guneko arduradun Elena Jimenezek.
Herri eragile edota profesional ezberdinei zuzenduriko formazio saioak ere antolatu dira Sexu Aholkularitza Gunetik, “guraso, gazte eta jubilatuei zuzenduko formazio-programak”. Ikastaro edota zine-forumak esaterako. Ekimenok Jimenezek koordinatzen duen gunetik eskaini dira. Baina izan dira, Usurbilgo erakunde eta eragile desberdinekin elkarlanean aurrera eramandako egitasmo gehiago ere. “Elkar-lanerako hainbat bide ireki ditugu garapen eremu ezberdinekin harremanak landuz: haurren eremuan, guraso elkarteekin; haur-aurrenerabe eremuan, ikastola, Gaztelekua eta Tuenti sare sozialaren bidez; gazteen eremuan, Itaya Gazte Asanbladarekin eta Usurbilgo Gaztetxearekin; jubilatuen eremuan, zahar egoitzekin. Horrez gain, herriko beste instituzioekin ere harremana izan dugu: anbulatorioko langileekin, liburutegiarekin baita kirol arduradunarekin ere”, Jimenezen esanetan.
Elkarlan hau hainbat ekimen zehatzetan gauzatu da. Besteak beste, iazko ekainean Oiardo Kiroldegian ikusgai egon zen “Lesbianismo bidean: ezkutukotik ikusgaitasunera 1977-2007” erakusketa, edota “Desiraren putzua” zabaldu zuten 2012ko Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira. “Gozamenez” clown bakarrizketa ere antolatu zuten… Herritarrek hitzordu guztiotan parte hartu zuten, eta parte hartzea da hain zuzen Sexu Aholkularitza Gunetik bultzatzen jarraitu nahi dutena. “Dibulgazioa, jendarteari zuzenduriko sentsibilizazioa, kanpainak, gogoeta eta parte hartzea. Komunitatearen ondoezak kulturaren oinarrian aurkitzen ditugun mito, aurreiritzi eta aniztasunarekiko intolerantzia jarreretatik datozenez, ezinbestekoa zaigu ildo hau jorratzea”, aholkularitza guneko arduradunak dioenez.
Gunea, hamabostero zabalik:
Jendaurreko ordutegia: hilabetero, lehen, hirugarren eta egongo balitz, bosgarren astearteetan: 17:00-19:00 artean, Gizarte Zerbitzuen egoitzan.
Oharra: gunera jo baino lehen, aurrez hitzordua eskatu.
Harremanetarako:
sexuaholku@usurbil.net
679 919 516
943 377 110