Kantua Taldeak entsegua gaur, kantu-jira larunbatean

Noaua Aldizkaria 2014ko urt. 21a, 00:00

"Animatu nahi ditut kantatzera kalean, etxean, kantatzea. Kantatzearen plazera berreskuratzea norberaren plazerretik. Ahaztua dugu ze ondo pasatzen dugun, zenbat sentimendu kanpora daitezkeen kantuaren bidez eta zenbat eman daitekeen". Larunbateko kantu-jiran edota astearteroko entsegu saioetan, Usurbilgo Kantu Taldera gerturatzeko, taldeko gidari lanak egin ohi dituen Udarregi Ikastolako irakasle Susi Elosegiren gonbita duzue honakoa. 

Bost urte bete berri ditu Kantu Taldeak. 2009an osatu zen kantu zaleen bilguneak izan duen bilakaeraz, bidean eginiko hamaika ekimen eta oroitzapen partekatu ditu Elosegik aste honetako NOAUA!rekin. Gogoan izan, bosgarren urtemuga hau ekimen bereziekin ospatuko duela Kantu Taldeak. Baina beti ere, ohiko hitzorduez ahaztu gabe. Asteartero entsegu saioak izaten dituzte ikastolan, eta hilabetero azken larunbatetan kantu-jira. Hurrengoa, lau egun barru:


Asteartero:
18.30-19:30
 Entsegu saioa Udarregi Ikastolako musika gelan.

Urtarrilak 25, larunbata
19:00
Kantu-jira Mikel Laboa plazatik abiatuta.