Lurralde antolamendua eta hizkuntza lotzeko zerbait egin beharra dagoela nabarmenduz, aurrera begirako lan ildoak planteatuz amaitu ziren aurreko astean Donostian, Udako Euskal Unibertsitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kontseiluak eta Usurbilgo Udala kide duen UEMA-k, EHUren babesarekin antolatu zituzten “Lurraldea & Hizkuntza, Hizkuntza & Lurraldea” jardunaldiak.
Lurralde antolaketak eta hirigintzak hiztun-komunitatearengan zer nolako eragina duten aztertu nahi izan zuten, bi egunez Ibaetako campusean burutu ziren saio desberdinen bidez. Ondorio argi batekin amaitu ziren jardunaldiok; lurralde antolaketaren eremuan hartzen diren erabakiek eragiten dutela bertako biztanleen hizkuntzan. Eta eskari argi bat egin zuten: “lurralde-antolamendua eta hizkuntzaren arteko harremana lehen mailara ekartzea”.
Bertako hizkuntza eta hiztunak aintzat hartzeko eskaera
Gustura eta pozik amaitu dute antolatzaileek estreinako edizio honekin, bigarren jardunaldietarako erronkak zehaztuta. Batetik, ikerketa bat burutu asmo dute hirigintzak bertako hizkuntzan eragiten duela frogatzeko. Hurrengo jardunaldietarako ELE (Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa) izeneko tresna definitzekotan geratu dira, gaia sozializatu eta kontzientziatzeko. Honez gain, hainbat eskari luzatzen dizkiete administrazioei ere; politika publikoetan hizkuntzaren zeharlerrotasuna kontuan izatea, hizkuntza-politika lurraldetasun-printzipioari begira jartzea, gaia lurralde antolaketatako tresnetan txertatzea, lurralde-antolakuntza eta hirigintza alorretan euskara eta euskal hiztunak aintzakotzat hartzea edota hizkuntza babesteko ingurumen alorreko tresnak baliatzea.
200 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten jardunaldiotan. Horien artean, jardunaldiok antolatu dituzten erakundeetako ordezkariek, Euskal Herriko zenbait txokoetako lagunek edota baita atzerritik, Aland uharteetatik, Flandria edota Galesetik euren esperientzia saio hauetara gerturaturikoekin partekatzera etorritakoek ere. Aurrera begira, herrialdeokin harremana estutzeko beharra ikusten dute.
Zubieta, herri izaerari eusten
Jardunaldiotan zehar, besteak beste euskararen ikuspegitik arnasgunetzat jotzen diren Euskal Herriko zenbait txokoetako kasuak aurkeztu zituzten; Zuberoa, Busturia eta Zeraingo esperientziak, baita Zubietakoa ere, Usurbilgo alkate ohi eta egun Madrilgo Kongresuan dagoen Amaiur koalizioko diputatu Xabier Mikel Errekondoren eskutik.
Bere esanetan lurralde antolaketak eragin zuzena du gune bateko hiztunengan, bereziki “ze norabidetan aplikatzen den” eta interesak noren mende jartzen diren, herritarren edo beste batzuen interesen mende. Edozein erabaki hartzerakoan, protagonistak herritarrek, euren borondateak izan behar duela dio, herri bati izaera ematen diotenak dira eta, Errekondoren esanetan. Zentzu horretatik duela mila urte herri izan eta egun Donostia eta Usurbilgo lurretan zatitua dagoen Zubietaren eredua aurkeztu zuen. Zubietarrek bizitako hainbat gertaera historikoren bidez, euren herri izaera defendatu zuen. “Zubieta herri izan zen, herri sen hori mantendu eta garatu nahi du”, zioen alkate ohiak.
Besteak beste, euskara eta hezkuntzan oinarritu nahi dute etorkizunean, euren izaera propioa. Bide horretan, Usurbilekin duen harremanak Zubieta euskalduntzen lagundu dezakeela uste du Errekondok eta “Usurbilentzat Zubieta osotasun bat” dela gogorarazi zuen. Donostiarekin gertatzen ez den moduan. Zubietak hiriburuarekin urte luzez izandako harreman ezkorra agerian utzi zuen UEUren jardunaldietan. “Zubietarrek argi dute, Donostiarentzat lur zati bat baino ez direla”, zioen. Horren adibide gisa jarri zituen, Zubietan kokatu edo eraiki nahi izan eta zubietarrek mehatxu gisa bizi izan dituzten hainbat egitasmo; erraustegi edota makrokartzela proiektuak tartean. Etorkizunera begira, tresna faltagatik ahul ikusten du Zubieta, Donostia eta Usurbilgo udalen borondatearen mende, eta udalen gainetik dauden beste erakunde batzuek dituzten eskumenen mehatxupean. Aldiz, herritarrak gogotsu sumatzen ditu, Zubietaren herri sena mantentzen segitzeko lanerako prest. Zortea ona opa izan zien zubietarrei.