Ia 200 lagun, Irisasi BTT "Hotzak Akabatzen" probarako izena emandakoen artean

Noaua Aldizkaria 2014ko urt. 24a, 00:00

Kirolprobak atarian, 187 lagun aurrez izena emanda zeuden ostiral goiz honetarako. Asko usurbildarrak, eskualdekoak, Donostialdea, Urola-kosta edota Oarsoaldekoak. Baina urrunagotik ere Usurbilgo mendi zeharkaldian parte hartzera datoz igande goizean; Oñati, Aramaio, Amurrio, Lesaka, Berriozar, Durango, Galdakao... Udalerrien zerrenda luzea da.

Guztiak, bizikletarekin igande goizeko 9:30etarako frontoira gerturatu beharko dute. Pilotaleku ingurutik abiatuko baita, Irisasi BTT "Hotzak Akabatzen" 2014 kirol proba. Hortik aurrera, frontoian hasi eta amaituko den 32 kilometro inguruko zirkuitua osatu beharko dute parte hartzaileek, "28 km-ra laburtu daitekeelarik indarrak justu dituenak. Metaturiko desnibela 950 metro ingurukoa izango da". Andatza mendi inguruko paisaia ezin ederragoetatik barrena ibiltzeko aukera izango dute.

Aurrez izen emateko epea, larunbat eguerdira arte
Hasiera batean, aurre inskripzioak egiteko ostegun honetara arteko epea finkatua zuten Irisasi BTT bilgunekoek. Baina azken orduan, aurre inskripzioetarako epea larunbat eguerdiko 15:00ak arte luzatzea erabaki dute. Gogoan izan, aurre inskripzioa egiteko bi bide dituzue; Kirolprobak atarian sartuta edota Irisasi BTT bilguneak Facebooken duen orrialdera joanda. Web orri baterako zein besterako loturak hemen: www.kirolprobak.com web orrian edo Facebook helbide honetan. Izen emateko orriak ere Andatzako web gunean eskura daitezke. 12 euro ordaindu beharko dituzte federatuek, 15 federatu gabe daudenek.

Proba egunean bertan, igande goizean ere apuntatzeko aukera egongo da. 15 euroren truke federatuek, 20 euroren truke federatu gabekoek. Parte hartzaile guztiek opariak jasoko dituzte: Craft markako kirolerako kamiseta, Saizar sagardo botila bat, eta bizikletarako ur bidoi bat. Honez gain, "dozenaka opari zozketatuko dira parte hartzaile guztien artean". Antolatzaileek ohartarazia dutenez bestalde, asistentzi zerbitzuekin batera janari eta edari beroa izango dira bidean eta hamaiketakoa, bizikletak garbitzeko mangerak, eta dutxatzeko aukera Kiroldegian, proba amaieran. 

Igandeko hitzorduari begira, badirudi egunotan izaten ari garen giro traketsak etenaldia izango duela. Giro ederra  izango dute kirolariek, baina ziur, mendi bidea lokaztua aurkituko dutela. Euskalmet agentziatik iragarri dutenez, "Igandean euriak atsedenaldia eskainiko digu. Euri pixka bat egin dezake goizaldean eta gauean ipar isurialdean, baina bitartean, hots, goizean eta arratsaldean ateri egongo da, eta zeruan hodeiak eta urdinguneak tartekatuko dira. Gainera, hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, beraz, poliki goxatuko du eguzkitan".

Datu gehiago: www.andatzamendizale.info