Ostiral eguerdiko 12:00etatik larunbat arratsaldeko 18:00ak arte abisu horia indarrean izango dugu inguruotan, prezipitazio iraunkorragatik. Euskalmet agentziatik iragarri dutenez, "Gipuzkoako zenbait tokitan 24 orduan metro karratuko 70 litro baino gehiago pilatzeko probabilitatea handia da, bereziki ekialdean. Euri ertaina, iraunkorra eta oso ugaria egingo du kantauri isurialdean, bereziki ekialdean. Larunbatean Kantauri isurialdearen ekialdean metro karratuko 50 litro inguru pilatzeko probabilitatea handia da".
Euri zaparrada handiak espero dira datozen orduotarako. Hala emango dugu asteburuaren zati handi bat igandera arte. Etzi, baretzera egingo omen du. Hauxe, Euskalmet-en iragarpena astebururako:
Urtarrilak 24, ostirala
"Fronte gehiago iritsiko dira gurera, beraz eguraldi euritsua izango dugu, batez ere egunaren bigarren partean. Goizean euri txikia egingo du eta hodeitza apur bat saretuta egongo da. Eguerditik aurrera, ordea, euria etengabe egingo du eta gogotik, bereziki ipar isurialdean. Mendebaldeko haizea zakar ibiliko da, batez ere kostaldean; hala ere, Nafarroa hegoaldean ere ziertzoa dezente nabarmenduko da. Tenperaturan ez da gorabehera handirik izango; balio altuenak 10 eta 13 ºC artekoak izango dira".
Urtarrilak 25, larunbata
"Larunbatean ere euria barra-barra egingo du. Ipar-mendebaldeko haizeak bultzatuta hodeitza iritsiko zaigu itsasaldetik eta euri franko utziko dute. Gainera, egunaren lehen partean euria etengabe egin dezake ipar isurialdean. Hala ere, gauean euri gutxiago egingo du eta egun amaierarako litekeena da atertzea. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez".
Urtarrilak 26, igandea
"Igandean euriak atsedenaldia eskainiko digu. Euri pixka bat egin dezake goizaldean eta gauean ipar isurialdean, baina bitartean, hots, goizean eta arratsaldean ateri egongo da, eta zeruan hodeiak eta urdinguneak tartekatuko dira. Gainera, hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, beraz, poliki goxatuko du eguzkitan".
Eguraldiari buruzko informazio eguneratua, helbide honetan: http://www.euskalmet.euskadi.net