Emakumeei zuzenduriko doako ahalduntze ikastaro berri bat antolatu du Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak; “batukada feminista”. Ikastaroa larunbat honetan, urtarrilaren 25ean martxan jartzekoa da. Izen emateko epea irekita dago. Hasiera batean bost saio izango dira, bi astean behin, larunbat goizeko 11:00etatik 13:00etara, Zumarte Musika Eskolan. Musika instrumentuak antolatzaileek ekarriko dituzte. Proba moduko ikastaroa izango da, baina taldeak jarraitzeko gogoa izango balu, saio gehiago antolatu litezke. Esperientzia dutenen esanetan, ikastaro aberasgarria dela irizten diote ondo pasatzen baita, eta segurtasunean edota emakumeen arteko hartu emanetan ere asko irabazten baita. Usurbilgo emakumeak parte hartzera animatzen dituzte. Doan eman daiteke izena 943 377 110 zenbakian edo parekidetasuna@usurbil.net helbidean. Ikastaroa Ainara Sarasketa Alberdik (ondoko irudian) eta Arantxa Vicedok gidatuko dute.
"Garapen pertsonala eta ahalduntzea"
Parekidetasun Sailetik antolatu duten bigarren ikastaro bat, kasu honetan, abian dena. Martxoaren 27ra arte luzatuko da. Saioak ostegunero izango dira, arratsaldez, 17:00-19:00 artean, bake epaitegi atzeko yoga lokalean, Pepa Bojo psikologoaren gidaritzapean. "Ikastaro honen helburua autoezagutzan eta garapen pertsonalean sakontzea da eta bide batez, emakumeon ahalduntzea eta harreman osasuntsuak sustatzea", berri eman dute, ekimena antolatu duten Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailetik. Ikastaroa doakoa izango da. Izena emateko:
-Idatzi email bat, parekidetasuna@usurbil.net helbidera.
-Deitu, 943 377 110 telefono zenbakira.
Sorospen ikastaro berri bat hurrengo astean, DYAren eskutik
Oinarrizko bihotz-biriken suspertzea eta kanpoko desfibriladore automatikoen erabileran trebatzeko ikastaroa antolatu du Usurbilgo DYAk. Bi saiokoa, urtarrilaren 27tik 28ra. Klaseak, DYAko egoitza berrian eskainiko dira, Munalurran beraz, iluntzeko 18:30etatik 21:00etara. Interesa duen edonori zuzendua dagoen ikastarorako izen ematea zabalik dago, 943 46 46 22 telefono zenbakian. Argibide gehiago, telefono zenbaki berean. Prezioa, 90 euro. Onartuko den ikasle kopurua mugatua izango da, ematen den ikastaroaren kalitatea bermatzearren. Aurreko osasun ezaguerarik edukitzea ez da beharrezkoa izango.
"Ikastaro teoriko-praktiko honekin bihotz-arnasketako geldialdia identifikatzen, oinarrizko bihotz-biriken suspertze (BBS) mugimenduak burutzen eta DEA (Kanpoko desfribiladore automatikoak) erabiltzen ikasten da. Ezaguera errazak, eskuragarriak eta erabilgarritasun handikoak, bereziki bere lana pertsona ugari dagoen guneetan burutzen dutenentzat, baita arriskuzko lanbideetan, gaixoekin, ordena publikoko zerbitzuetan eta segurtasun-gorputzetan, Babes Zibileko talde, suhiltzaile, osasun sorospeneko eta erreskate taldeentzat..", prentsa ohar bidez, DYAtik berri eman dutenez.