Atzo eguerdiko 13:20 aldera auto istripua gertatu zen N-634 errepidean, Usurbildik Lasarterako sarbidean. Fiat Panda markako auto bat irauli zen. Auto hau saihesteko eginiko maniobren ondorioz, ibilgailu honekin talka egin zuten beste bi autok. Anbulantzia eta suhiltzaileak autoetan zeuden lagunak artatzera etorri ziren. Donostia Hospitalera eraman zituzten. Balantzea; bi zauritu.
Istripua hain zuzen, egunotarako iragarria dagoen ekaitz giro honen tartean jazo zen. Euria egiten jarraitzen baitu, eta adi ibili beharra dago errepidean. Gaur ere Oria ur askorekin zetorren. Eta badirudi giroak ez duela hobera egingo. Euriarekin batera, astearte honetarako abisu horia indarrean jarri dute inguruotan, haizeagatik oraingoan, astearte eguerditik gauerdira arte. Haizeguneetan 100 kilometro ordutik gorako hego mendebaldeko haize boladak izateko probabilitate handia omen dago mendi inguruetan. Haizeguneak ez diren tokietan berriz, 80 kilometro ordutiko gorako haize boladak izatekoa baita. Hauxe, egunotarako Euskalmet-en iragarpena:
Urtarrilak 28, asteartea
"Gaur giro haizetsu eta euritsua espero dugu. Goizean tarteka euri apur bat egingo du. Arratsaldean berriz, zaparradak erruz botako ditu eta baliteke han-hemenka ekaitza ere izatea, txingorrarekin batera, aukera handiagoz itsasotik hurbil. Elur-kota, egunez, igotzen joango da 1200 m-ra kokatu arte. Baina, egunaren amaieran, 800-900 m-ra jaitsiko da berriro. Mendebal/hego-mendebaldeko haizea, oso gogor ibiliko da, kostaldean eta mendi inguruetan bereziki, bertan haize-bolada indartsuenek 100 km/h-ko abiadura gainditu dezakete".
Urtarrilak 29, asteazkena
"Bihar giro euritsuarekin jarraituko dugu. Iparraldean batez ere, zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparradak botako ditu, noizbehinka trumoitsuak. Elur-kota 700-900 metro inguruan egongo da. Hegoaldean aldiz, oro har ateri eutsiko dio eta ostarteak zabalduko dira noizbehinka. Mendebaldeko haizea zakar ibiliko da oraindik, kostaldean eta mendi inguruetan batez ere, baina asteartean baino ahulago. Tenperaturan ez dugu ia aldaketarik sumatuko".
Eguraldiari buruzko informazio eguneratua, helbide honetan: http://www.euskalmet.euskadi.net