Zooan adiskide berriak onartzeko gorila normala izan nahi du Malutatxok eta horregatik edabe magiko baten bila abiatuko da, Luz de Sac maltzurra atzetik segika duela. Hortxe hasten da protagonistaren izena izenburutzat daraman haurrei zuzenduriko filma. Igande honetan, otsailaren 2an proiektatuko dute, arratsaldeko 17:00etatik aurrera Sutegiko auditorioan. Sarrerak egunean bertan eskuratu ahal izango dira, 3 euroren truke.
Usurbilgo Udalak negu parte honetarako antolatu duen euskarazko zine zikloaren baitan izango da. Zikloa azken txanpan da jada. Martxoan eskainiko dituzte azken filmak. Aurretik ordea, aipaturikoa, otsaileko bi saioak geratzen dira. Igande honetakoa, otsailaren 2koa, haurrei zuzendua; "Malutatxo" filma. Eta astebete beranduago, otsailaren 9an, Aizpea Goenagak 2008. urtean zuzenduriko "Sukalde kontuak" dakartza helduentzat, arratsaldeko 18:00etatik aurrera Sutegiko auditoriora. Filma ikusteko sarrerak egunean bertan jarriko dituzte salgai, 5 eurotan. Sukaldaritza eskola batean lekutzen da istorioa. Protagonista, eskolako azken ikasturtean murgildua dagoen ikasle taldea da.