Erabateko adostasuna, gaurko osoko bilkuran

Noaua Aldizkaria 2014ko urt. 28a, 00:00

Udalbatzak aho batez onartu ditu, astearte honetarako deitua zegoen osoko bilkuran jorratu behar zituzten gaiak. Bozketa behar zutenen kasuan, aho batez bat egin dute udal talde guztiek. Besteak beste, EH Bilduk eta Hamaikabatek, emakumeen autonomiaren eta erabakitzeko eskubidearen defentsan, batera aurkeztu duten mozioa babestu dute 13 udal ordezkariek. Beste hainbeste gertatu da, bozkatuak izan diren gainerako gai hauetan ere: 

-Irisgarritasuna hobetzeko udal ordenantzaren hasierako onespenari aurkeztutako alegazioak erantzutea eta ordenantza behin betikoz onartzea: aho batez onartua.

-Usurbilgo Udala eta Aginagako Asisko San Frantzisko Parrokiaren arteko errentamendu kontratu berria: aho batez onartua.
 
-2014/0005 dekretua berrestea: Usurbilgo Udalaren etxez etxeko laguntza zerbitzu kontratua beste urtebetez luzatzea: aho batez onartua.

-EHBilduk eta Usurbilgo Hamaikabatek aurkeztutako mozioa: emakumeen autonomiaren eta erabakitzeko eskubidearen defentsan: aho batez onartua.

-Auzolan elkarteak aurkeztutako egitasmoa: erresilientziaren eta garapenaren aldeko Usurbilgo herri-hitzarmena: udalbatza, aho batez abstenitua.

Andoni Atxegaren agurra
Urtarrilaren 28 honetako osoko bilkura, azkena izan da EAJ-PNVko bozeramailearentzat. Zinegotzi kargua utzi baitu. 2011ko udal hauteskundeetan, EAJ-ren hautes zerrendan Atxegaren ondoren, zerrendan bigarren aurkeztu zen Josune Urkolak ordezkatuko du aurrerantzean. Zinegotzi aldaketarako tramitazioa abiatu du Udalak. Eta ezustekorik ez bada behintzat, Urkolak berak parte hartuko du otsaileko hurrengo osoko bilkuran.

Udalbatzaren izenean, Mertxe Aizpurua alkateak Atxegak eginiko lana eskertu eta gainerako udal taldeekin izan duen harreman onagatik zorionduta, eta aurrera begira zorte ona desioz agurtu du. Andonik udal jarduna bere bizimoduarekin batera ezina zaiola adierazi du eta horregatik uztea erabaki duela zinegotzi kargua. Azken hitzokin, Atxegak udalbatzako gainerako kideak agurtu nahi izan ditu.