Soinurbilen logotipo lehiaketan parte hartzeko epea ixtear

Noaua Aldizkaria 2014ko urt. 29a, 00:00

Zumarte Musika Eskolak antolatzen duen Soinurbil jaialdiak 10 urte beteko ditu aurten. Urteurrenean, logotipo lehiaketa antolatu dute, Udalak eta Zumartek elkarlanean. Sari bakarra emango da eta 400 eurokoa izango da.

Lehiaketa honen xedea Soinurbilen irudia izango duen sormenezko diseinua hautatzea da. Lanak urtarrilaren 31 baino lehenago Usurbilgo Udalean aurkeztu behar dira. Ekimen honi buruzko zehaztasun gehiago hemen:

Parte hartzaileak
Lehiaketa publikoa eta irekia izango da. Lana originala eta argitaratu gabea izango da, beste lehiaketetan parte hartu gabea, eta ez da izango beste lan batzuen kopia, ez guztiz, ez zati batean.

Gaia
Logoaren gaia "Soinurbil" izanik, hiru ardatz bilduko ditu: Usurbil, musika eta hurbiltasuna.

Lanaren ezaugarri teknikoak
Logoaren diseinua honela aurkeztu beharko da:
a) Formatua:
1-Paperean : 5X5 zm eta DINA4ko tamainetan, bai kolorez, bai zuribeltzean aurkeztu beharko da.
2-Euskarri digitalean: CD edo pendrive batean, bai kolorez, bai zuribeltzean aurkeztu beharko da. Ilustrator edo antzeko beste programa bat erabili ahal izango da; betiere, azken hau edozein tamainetara egokitu badaiteke kalitatea galdu gabe.

b) Diseinuaren zergatiaren azalpen txiki batekin aurkeztuko da logotipoa, gehienez orri batekoa.

c) Edozein komunikazio euskarrietara egokitu ahal izango da logotipoa, hau da, papera, gutun azala, txartela, kartela, helbide elektronikoa, web orria...

Saria
Epaimahaiak sari bakarra banatuko du, 400 eurokoa.

Epea
Lanak aurkezteko epea 2014ko urtarrilaren 2an hasi eta urtarrilaren 31n amaituko da, biak barne.

Non aurkeztu lanak
Udaletxean edo postaz helbide honetara igorriz:
Usurbilgo Udala
Kultura Saila
Jose Martin Sagardia plaza z.g.
20170 Usurbil