Jendaurrean egon den epean inork alegazio edo erreklamaziorik aurkeztu ez duenez, Usurbilgo kirol zerbitzuen araudi nagusia aldatzea behin betiko onartu da. Hala kaleratu du asteazken honetako Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak: https://ssl4.gipuzkoa.net/euskera/gao/2014/01/29/e1400547.htm
Kirol Patronatua desegitetik datorren erabakia
Iazko otsailaren 12an desegin zen Kirol Patronatua, eta ordutik, kirol zerbitzuen kudeaketa Udalaren gain dago. Aldaketa honek, moldaketa gehiago ekarri ditu. Lehendik, Kirol Patronatuak egina zuen Kirol Zerbitzuen Araudi Nagusia egokitzea. Proposamen hau mahai gainean jarri zuen gobernu taldeak, iragan irailaren 24an burutu zen osoko ohiko bilkuran. Aho bateko hasierako onarpena eman zion udalbatzak.
Gerora, udalbatzak hartutako erabakia alegazioetarako jendaurrean egon da. Baina inork erreklamaziorik aurkeztu ez duenez, behin betiko onartuta geratu da. Usurbilgo Udaletik adierazia dutenez, kirol zerbitzuen araudian egindako moldaketak, gehienbat terminologikoak dira.