Bizi dugun krisialdi egoeraren aurka, eredu berri baterantz jotzeko estrategia bat garatzea proposatzen du Auzolan Elkarteak. Eta horretarako, hausnarketa sustatu eta herritar zein eragileak bilduko dituen parte hartze prozesu bat antolatzea herrian. Horixe da nagusiki, modu orokor batean Auzolan Elkarteak atzo Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan burutu zen osoko ohiko bilkuran aurkeztu zuen mozioak jasotzen duena.
Udal talde guztiak abstenitu ziren testu honen aurrean. Usurbilgo Udalak alor honetako estrategia definitua eta landua duela gogorarazi zuen Mertxe Aizpurua alkateak. Usurbilgo udalerria, eskualde mailako plangintza batean murgildua dagoela, beste bost udalerrirekin lankidetzan: Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria eta Urnietarekin hain zuzen.
Plangintza honen baitan, udal, eragile eta herritarren arteko elkarlana sustatuko dela adierazi zuen alkateak. Eta prozesu hori zabaltzean, Auzolan Elkarteak ere ekarpenak egiteko aukera izango duela. Ildo beretik, gai hauei buruz hitz egin eta alor honetako plan estrategikoa diseinatzeko bilgune bat sortzeko asmoa dagoela iragarri zuen Alaitz Aizpurua zinegotziak. Parte hartzean oinarrituko den egitasmoa, gutxi barru hautetsiei aurkeztekotan direla iragarri zuen. Inguruotan oraindik ez dugun etorkizunerako Garapen Agentzia diseinatzen hasi nahi dute bailarako udalek.
Etorkizuneko lanketan parte hartzeko gonbita
Edozein kasutan, Auzolan Elkarteak mozioan proposaturiko hainbat punturekiko adostasuna adierazi zuten atzoko osoko bilkuran EH Bilduko ordezkariek, Joxe Ramon Furundarenak gogorarazten zuen moduan. Ekarpen asko aintzakotzat hartzekoak iruditzen zaizkio, baina ez du uste Auzolan Elkarteak Usurbilerako planteatzen duen parte hartze prozesua eraginkorra izango litzatekeenik, osoko bilkurara aurkezturiko dokumentua orokorregia iruditzen baitzaio.
Aipaturikoa, udalbatza aho batez abstenitu zen Auzolan Elkarteak aurkezturiko mozioaren aurrean. Udaletik halere, alor honetan aurrera begira burutu asmo dagoen lanketan parte hartzera gonbidatu zituen Auzolan Elkarteko ordezkariak.