Etxez etxeko laguntza zerbitzua eta irisgarritasuna, osoko bilkurako beste hizpideak

Noaua Aldizkaria 2014ko urt. 29a, 00:00

Usurbilgo Udalaren etxez etxeko laguntza zerbitzu kontratua 2015eko urtarrilaren 1era arte luzatzea erabaki zuen udalbatzak aho batez, atzo burutu zen osoko ohiko bilkuran. 2012an 4 urterako kontratua sinatu zen, baina urtez urte berritzeko aukerarekin. Kontratua berrestea udalbatzari dagokionez, horixe egin zuten atzoko osoko ohiko bilkuran; zerbitzua beste urtebetez luzatzeko proposamena aurkeztu eta aho batez berretsi.

Irisgarritasunari loturiko udal ordenantza berria, indarrean laster
Eraikinen irisgarritasuna hobetzea helburu duen araudia ere aho batez onartu zuten atzoko osoko ohiko bilkuran. Bere garaian, hasieraz onartu ostean, bi alegazio izan ditu jendaurrean egon den epean. Bi erreklamazio hauei eta aipatu udal ordenantzari ere behin betiko onarpena eman zion udalbatzak aho batez, atzo iluntzean. Udal ordezkariek hartutako erabakiaren berri emango dute Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Bertan argitaratuko dute udal ordenantza, bere osotasunean. Herrialde mailako aldizkariak araudi berria plazaratu eta 15 egunera jarriko da indarrean.