Usurbilgo Udalak eta Aginagako Parrokiak 20 urterako, 2034ko urtarrilaren 31ra arteko errentamendu kontratua sinatuko dute, atzo burutu zen osoko ohiko bilkuran udalbatzak, 90. hamarkadatik bi aldeek duten hitzarmena berritu ahal izateko aho bateko onespena eman ostean.
Kontratu berri honen baitan, "Usurbilgo Udalak eta Aginagako Asisko San Frantzisko parrokiak hiru solairutako eraikinaren zati bat errentan hartzea eta ematea adosten dute, errentamendu honen objektu dena honakoa izanik: behe solairu osoa, lehenengo solairu osoa eta bigarren solairu osoa, Elizatik sarrera duten, sakristia, ondoko bulegoa eta komuna izan ezik". Aipaturiko azken guneok, Parrokiak bere erabilerarako gordeko ditu.
Lokalak, Eskola Txikia, ludoteka edota Arrate Elkartekoentzat
Kontratuak sinatzaileen eskubide eta betebeharrak zehazten ditu, baita Udalak errentan hartuko duen solairu bakoitza zertara bideratuko den ere:
-Behe solairua: Aginagako gazteen erabilerarako lokalak eta eskola txikia.
-Lehen solairua: Lehen Hezkuntzako eskola (sarrera, komun, 3 gela, bulego eta biltegiarekin) eta jubilatuen erabilerako lokalak (taberna, sukaldea, komunak, lokala eta ile-apaindegia).
-Bigarren solairua: ludoteka, informatika gela, jubilatuen erabilerarako lokalei lotutako biltegia eta eskulanetarako jubilatuen lokala.
Kontratu berriak lokal guztion alokairua batu eta aurrez sinatuta zeuden errenamendu kontratu guztiak ordezkatzen ditu. Lokal guztiok errentan hartzeagatik Udalak ordaindu beharko duen hileko kuota, 1.250,60 eurokoa izango da.