Udalbatza bat eginda, emakumeen autonomiaren eta erabakitzeko eskubidearen defentsan

Noaua Aldizkaria 2014ko urt. 29a, 00:00

Espainiar Gobernuko Ministroen Kontseiluak iragan abenduaren 20an onartu zuen “Kontzebituaren eta emakume haurdunaren eskubideen babeserako” Lege Organikoaren aurreproiektua gaitzetsi zuen atzo Usurbilgo Udaleko udalbatza osoak. “Aldaketa horrek emakumeen autonomiaren kontra egiten du bete-betean edo, bestela esanda, oinarrizko giza eskubide gisa onartutako eskubide sexual eta erreproduktiboen aurka”, EH Bildu eta Hamaikabatek batera aurkeztu zuten mozioak jasotzen duenez.

Aipaturikoa, testua aho batez onartu zuten udalbatza osatzen dute 13 zinegotziek. Abortatzeko beste batzuekiko menpekotasuna ezartzen dietela eta honenbestez, “emakumeon gorputzak Estatuak eta medikuntzak interbenitutako erreprodukzio hutsera murriztu ditu”, atzo onarturiko mozioak salatzen duenez. 

Argi dio testuak, “PPren gobernuak, jaio ez denaren eskubideak defendatzearen aitzakian, emakumeen eskubideak zapaldu nahi ditu, emakumeek bizitzea merezi duen bizitzak izateak ezer gutxi kezkatuta”.

Emakumeen autonomiaren, bizitzaren eta gorputzaren aurkako erasotzat jotzen duten aurreproiektuaren aurrean, zortzi puntuko mozioa onartu zuen atzo Usurbilgo Udalak, aho batez:

1-PPk aurkeztutako “Kontzebituaren eta emakume haurdunaren eskubideen babeserako” legearen aurreproiektua gaitzesten du, atzerakoia delako eta emakumeen eskubideak urratzen dituelako.

2-Udal honek emakumeen autonomiarekiko eta, zehazki, ugalketarako autonomiarekiko duten eskubidearekiko konpromisoa berresten du. Haurdunaldia eteteko erabakiak emakumeen borondatea izan behar du ardatz eta baldintza nagusi.

3-Eusko Jaurlaritzari/Nafarroako Gobernuari eskatzen dio emakumeek haien gorputzarekiko eta ugalketarekiko erabakiak askatasunez hartu eta gauzatu ahal izateko lege-babesa, osasun-babesa eta babes soziala berma dezala.

4-Udal honek, Haurdunaldiaren Borondatezko Eteteak osasun sistema publikoaren  baitan egitearen aldeko hautua egiten du, pertsonal sanitarioaren kontzientzia objekzioa arautuz eta aipatutako zentro publikoetan emakumeek Haurdunaldiaren Borondatezko Eteterako duen eskubidea gauzatu ahal izateko beharrezkoak diren talde profesionalak daudela bermatuz.

5-Udal honek, martxoaren 3ko 2/2010 legearen baitan egiten den edozein aldaketa, emakumeentzat oinarrizkoak eta berezkoak diren eskubideak zabaltzera bideratu dadila eskatzen du, emakumeek ama izan ala ez erabakitzeko ahalmena izan dezaten.

6-Erreforma honi erantzun bateratu bat emateko mugimendu feminista eta emakumeen mugimenduak egindako lan itzelari errekonozimendua egiten dio, eta Udal honek bat egiten du eskubide hau babesteko mobilizazioekin.

7-Herritarrei dei egiten diegu emakumeen autonomiaren alde eta, zehazki, oinarrizko eskubide honen alde egin dezaten eta Espainiako gobernuaren kontraerreformaren aurkako mobilizazioetan parte har dezaten.

8-Honako pleno akordioa Eusko Jaurlaritzari/Nafarroako Gobernuari, Espainiar Estatuko Gobernuari eta Justizia Ministro den Alberto Ruiz Gallardoni eta Madrilgo kongresuko eta senatuko talde parlamentari guztiei helaraziko zaie.