Hala dio, Usurbilgo Udalean ordezkatuak dauden EH Bildu, Hamaikabat eta EAJ-PNV-ko ordezkariek, modu bateratuan kaleratu duten adierazpenak. Beste hainbat erakunde bezala, Usurbilgo Udala ere Espainiako bandera jartzera behartu dute epai bidez, Espainiako Gobernuko ordezkaritzak hala eskatu ostean. Datorren astelehenera arteko, otsailaren 3ra arteko epea du Udalak, Espainiako bandera jartzeko.
Gertaera hauen harira, adierazpen bat kaleratu dute Usurbilgo EH Bildu, Hamaikabat eta EAJ-PNV-k. Usurbildarrak Espainiako banderak ez dituela ordezkatzen gogorarazten dute eta herritarrak etxeko balkoi eta leihoetan ikurrinak jartzera gonbidatzen dituzte:
Ikurriña zintzilikatzeko deia egiten du Udalak
Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak egindako errekerimenduaren ondoren eta 527/2013 epaiaren bidez, Usurbilgo Udala otsailaren 3rako Espainiako bandera jartzera behartu dute, herritarren borondatearen aurka. Epaia betetzerakoan, Usurbilgo Udalak (EHBildu, Usurbilgo Hamaikabat eta EAJ-PNV) ondorengo adierazpena helarazi nahi die herritarrei:
Herriak aukeratzen ditu bere ikurrak, bereak egiten ditu eta horregatik dira herriaren ikur. Aldiz, legearen indarrez inposatutakoak badira, orduan, inposizioaren ikur bihurtzen dira.
Espainiako bandera zigorraren mehatxupean inposatutako sinboloa da gure erakundean. Herritar gehienon nahiaren aurka ezarri eta herritarren ordezkarien erabakimenaren kontra jarriko da. Espainiako banderak ez ditu usurbildarrak ordezkatzen eta inposaketaren bidetik bakarrik ikusiko dute ikur hori gure herrian. Ez ditugu banderak eta koloreak gutxiesten. Aitzitik, ordezkatzen dituzten lurraldeetako ikur izatea zilegi dela deritzogu. Baina, era berean, argi dugu nongoak garen eta zerk ordezkatzen gaituen.
Hau guztia kontuan hartuta, Usurbilgo Udalak herritar guztiei dei egiten die etxeetako leiho eta balkoietan ikurriña zintzilikatzeko. Era berean, Madrildik datorren inposaketa hau mantentzen den bitartean zintzilikatuta edukitzeko deia luzatzen die, Usurbilen herritarrek berea sentitzen duten ikurra zein den argi adieraziz.
Usurbilen, urtarrilaren 29an
EHBildu, Usurbilgo Hamaikabat eta EAJ-PNV