Mus txapelketa, Pelexen erakusketa berria, sagardo barrikotea eta kinto afari bat ospatzekoak dira laster. Deialdi guztion berri segidan:
Bihurri ludotekako kuota ordainketa
Otsailaren 15era arteko epea jarri dute kuota ordaintzeko. Dirua kontu zenbaki honetan sartu behar da: 2095 5069 06 1063903578 (Kutxabank). Ordainketa egiterakoan nork bere izen abizenak zehaztu eta ziurtagiria ludotekara eraman beharko du. Ohar bana bestalde, ludotekara gerturatzen hasi nahi dutenentzat, baita ludoteka utzi asmo dutenentzat ere. Kide berriek 30 euroko ordainketa egin eta ziurtagiriarekin ludotekara gerturatu daitezke, ostegunetan, 16:45-17:45 artean. Ludoteka utzi asmo dutenek aldiz, giltza entregatu beharko dute. Argibide gehiago, helbide honetan: bihurriludoteka@gmail.com
Mus txapelketa Bentan
Oraingoan ostegun gauez antolatu dute txapelketa Benta tabernakoek. Urtarrilaren 30ean, gaur gauean beraz, 22:00etan hasita. Ohi bezala, lehen bikote sailkatuentzako sariak izango dira.
“Bateginik”, Pelexen erakusketa berria
Down sindromea duten lagunengan oinarrituriko 24 margolan eta 10 eskulturez hornituriko erakusketa zabaldu du Jose Luis Elexpe usurbildarrak, Sofia Arostegirekin batera. Baina inaugurazio ekitaldia, ostiral arratsaldeko 19:15etan izango da, Hernaniko Biteri kultur etxean, Verdini dantza taldekoen eskutik. Otsailaren 11ra arte ikusgai izango dira Pelexen eta Arostegiren lanak. Astelehenetik ostiralera, arratsaldez, 18:00-20:00 artean.
Bazkideentzako sagardo barrikotea, Erroizpe elkartean
Otsailaren 15erako antolatu dute hitzordua, 14:00etan elkartean bertan. Izena emateko otsailaren 9ra arteko epea dute bazkideek. Ekimena antolatzen dabiltzan elkarteko ordezkariek jakinarazi dutenez, “menua aurrerago esango dugu baina eman izena ahalik eta lasterren, ez egon zain azkeneko momentura arte”.
1956koen kinto afaria
Otsailaren 22rako antolatu dute otordua, Antxeta jatetxean. Izen emateko epea zabaldu dute 1956an jaio ziren herritarrentzat, eta irekita egongo da afari bezperara arte, otsailaren 21era arte, honako telefono zenbakian: 648 755 316 (Guillermo Tapia).