Argazki proiekzio, kontzertu gau eta bakarrizketa saioa antolatu ditu Usurbilgo Gazte Asanbladak, ostiral honetatik igandera. Tailandiako berri jaso nahi duenak gaur gauean du hitzordua, Alkartasuna Kooperatibaren egoitza ohian. Larunbat gauean kontzertuak: Malder taldekoak eta estreinako diska kaleratu berri duten usurbildarrak oholtza gainean. Luken Arkarazo, Beñat eta Joanes Txueka anaiak eta Jokin Irastorza, edo bestela esanda, Odolaren Mintzoa.
Oihuka diskoetxekoekin plazaratu zuen Odolaren Mintzoak, taldearen izena daraman estreinako diskoa udazkenean, "rock, metal, hardcore kutsukoa". Zazpi urteko ibilbidearen ostean etorri zen lehen diska. Hainbat kontzertu eskaini eta maketa ere kaleratu ostean. Euren estreinako laneko abestiak entzuteko gutxi falta da beraz. Odolaren Mintzoa oholtza gainean berriz, larunbat gaueko 23:30etatik aurrera, Usurbilgo Gaztetxean.
Eta asteburua borobiltzeko, bere bizi esperientzietan oinarrituriko bakarrizketa saioa eskainiko du Aitor Navarrok igande iluntzean. Emanaldirako sarrerak, 3 eurotan.
Ekitaldi guztion ordutegiak segidan:
Urtarrilak 31, ostirala
22:00 Tailandiako argazki proiekzioa.
Otsailak 1, larunbata
23:30 Kontzertu gaua: Odolaren Mintzoa eta Malder.
Otsailak 2, igandea
19:00 Aitor Navarroren bakarrizketa saioa.
Otsailak 13, osteguna
20:30 Afari beganoa.
Antolatzailea: Usurbilgo Gazte Asanblada.