Gure Esku Dago bilguneari loturiko Usurbilgo lan taldeak "Baietz 400! erronka" sustatzeko, argazki erraldoian parte hartzera gonbidatzen ditu herritarrak, igande eguerdiko 13:00etan Sutegi aurrean. Lehenago, ostiral arratsalde honetan, bilera deitu du lan taldeak, 18:00etan Potxoenean.
Euskaldunon erabakitze eskubidearen inguruan indarrak biltzen lanean diharduen taldea da Gure Esku Dago. Lehen bilerak egiten hasi dira, eta aipatu moduan, iganderako deitu dute lehen herri ekimena.
Giza-katea, ekainaren 8an
Gogoan izan, hitzordu bat ere finkatua du jada, Euskal Herri mailan zabaldua den Gure Esku Dago ekimenak; datorren ekainaren 8an, Durango eta Iruñea erabakitze eskubidearen aldeko giza-kate erraldoi batekin lotu nahi dute, eskuz esku, euskal herritarren laguntzaz. Gure Esku Dago lan taldetik, aste honetako NOAUA!rako berri eman dutenez, "usurbildarroi 90. kilometroa betetzea egokitu zaigu, hau da, Uharte-Arakil herrian. Maiatzaren bukaerara arte herriko hainbat puntutan egongo da izena emateko aukera, eta zenbait asteburutan informazio-mahai bat jarriko dugu. Aurrerago emango dugu xehetasun gehiagoren berri".
Ekainaren 8ko giza-katean parte hartzera deitzen dituzte usurbildarrak. "Herritarrak gure dinamikan parte hartzeaz gain, familiak, lagun koadrilak... Giza katearen parte izatera gonbidatu nahi ditugu, oso festa polita izango da". Informazio gehiago: www.gureeskudago.net/eu/