Ikurrinak, zazpi guneetan eskuragarri

Noaua Aldizkaria 2014ko urt. 31a, 00:00

Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren errekerimenduz lehenik, eta epai bidez gero, beste hainbat erakunde bezala, Usurbilgo Udala ere Espainiako bandera jartzera behar dute. Beranduenez, otsailaren 3rako, hau da, datorren astelehenerako. Usurbildarren borondatearen aurkako neurritzat jo dute epaia, Usurbilgo Udalean ordezkaritza duten EH Bildu, Hamaikabat eta EAJ-PNV taldeek. Espainiako banderak ez dituela usurbildarrak ordezkatzen gogorarazten dute. Usurbildarrei etxeko balkoi eta leihoetan ikurrinak jartzeko gonbita luzatzen diete, EH Bilduk, Hamaikabatek eta EAJ-PNV-k egunotan kaleratu duten adierazpen bateratuan. 

Etxean ikurrina faltan denak, Usurbilgo Udalak eskuragarri jarriko ditu oihal zuri, gorri, berdeak. "Udaletxetik herritar guztiak animatu nahi ditugu balkoietan ikurrinak jartzera. Inposaketaren aurrean gure ikurra zein den argi adieraz dezagun!", adierazi dute.

Ikurrinaren bat behar duenak, zazpi guneotan izango ditu eskuragarri asteburu honetatik aurrera:
-Udaletxeko erregistroan.
-Udal liburutegian.
-Kiroldegian.
-Artzabal tabernan.
-Aginagako Arrate egoitzan.
-Santueneko zahar egoitzan eta auzo elkartean.
-Zubietako Herri batzarrean.

Hauxe da bestalde, Usurbilgo Udala Espainiako bandera jartzera behartu izanaren harira, udalerri honetako EH Bildu, Hamaikabat eta EAJ-PNV taldeek batera kaleratu duten adierazpenak dioena, bere osotasunean:

Ikurriña zintzilikatzeko deia egiten du Udalak
Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak egindako errekerimenduaren ondoren eta 527/2013 epaiaren bidez, Usurbilgo Udala otsailaren 3rako Espainiako bandera jartzera behartu dute, herritarren borondatearen aurka. Epaia betetzerakoan, Usurbilgo Udalak (EHBildu, Usurbilgo Hamaikabat eta EAJ-PNV) ondorengo adierazpena helarazi nahi die herritarrei:

Herriak aukeratzen ditu bere ikurrak, bereak egiten ditu eta horregatik dira herriaren ikur. Aldiz, legearen indarrez inposatutakoak badira, orduan, inposizioaren ikur bihurtzen dira.

Espainiako bandera zigorraren mehatxupean inposatutako sinboloa da gure erakundean. Herritar gehienon nahiaren aurka ezarri eta herritarren ordezkarien erabakimenaren kontra jarriko da. Espainiako banderak ez ditu usurbildarrak ordezkatzen eta inposaketaren bidetik bakarrik ikusiko dute ikur hori gure herrian. Ez ditugu banderak eta koloreak gutxiesten. Aitzitik, ordezkatzen dituzten lurraldeetako ikur izatea zilegi dela deritzogu. Baina, era berean, argi dugu nongoak garen eta zerk ordezkatzen gaituen.

Hau guztia kontuan hartuta, Usurbilgo Udalak herritar guztiei dei egiten die etxeetako leiho eta balkoietan ikurriña zintzilikatzeko. Era berean, Madrildik datorren inposaketa hau mantentzen den bitartean zintzilikatuta edukitzeko deia luzatzen die, Usurbilen herritarrek berea sentitzen duten ikurra zein den argi adieraziz. 

Usurbilen, urtarrilaren 29an 

EHBildu, Usurbilgo Hamaikabat eta EAJ-PNV