Ekainaren 8ko giza-katerako biltzen hasiak dira usurbildarrak

Noaua Aldizkaria 2014ko ots. 3a, 00:00

Ekainaren 8an, erabakitze eskubidearen alde Durango Iruñearekin eskuz esku lotuko dute milaka euskal herritarrek, "Gure Esku Bidea" aldarripean. Lau hilabete barru ospatuko den ekimenerako, gutxienez 50.000 lagun bildu nahi dituzte antolatzaileek. 400 usurbildar, herri honetan giza-katea lantzen ari den Gure Esku Dago bilguneak. 

Giza-katerako girotze lanak atzo abiatu ziren, aipatu lan taldeak Sutegi aurrean antolatu zuen jendaurreko lehen ekitaldiarekin. Erabakitze eskubidearen aldeko nazio mailako ekimen berri honi babesa adierazi zioten usurbildarrek. Ondoko irudian ageri diren moduan; eskuak altxata. Usurbildarren artean, herri eragile, talde, edota Usurbilgo aurpegi ezagunak gonbidatu nahi izan zituzten ekitaldira.

Izen ematea irekita
Hamarnaka herritarrek, giza-katerako izena ere eman zuten, Gure Esku Dago bilguneak kultur etxe atarian jarri zuen mahaian. Apuntatu ezin izan zuenak, lasai. Datozen hilabete hauetan, izena emateko aukera izango baitu. Esandakoa, ekainaren 8ko giza-katean parte hartzeko aurrez apuntatu beharra dago. Herritar bakoitzak metro bat erosteko aukera du 5 eurotan. Trukean, motxila eta zapi bana jasoko ditu.

Apuntatu direnen zerrenda, Sutegiko erakusteta aretoko erakusleihoan egongo da ikusgai. Gogoan izan, Gure Esku Dago bilgunekoen erronka, gutxienez 400 usurbildarren parte hartzea lortzea dela. Sutegiko erakusleihoan beraz, erabakitze eskubidearen alde izena eman duten herritar kopurua hazten ikusiko dugu hurrengo asteotan.

"Gazta zati bat", larunbatean
123 kilometro luze izango dituen ekainaren 8ko giza-katean, usurbildarrentzako parte hartzeko eremua ere zehaztua dago jada; Durangotik Iruñearako bidean, Uharte-Arakilera gerturatu beharko dute usurbildarrek ekainaren 8an. Datozen hilabeteotan giza-katea girotzen joango da Usurbilen sortu berri den Gure Esku Dago bilgunea. Hainbat ekimen deitzekotan da hurrengo asteotarako. Momentuz, larunbat honetan, otsailak 8, "Gazta zati bat" proiektatuko dute, arratsaldeko 18:00etatik aurrera Sutegin.