Batzar jendetsua, Gure Pakea Elkartearena

Noaua Aldizkaria 2014ko ots. 3a, 00:00

Besteak beste, 2013ko balantzea egin, eta aurtengorako proposamenak aztertzeko antolatu zuten urtarrilaren 31n burutu zen urteroko ohiko batzar nagusia. Egungo zuzendaritza batzordeak deituriko azken bigarren hitzordua izan da. 2015ean taldea berritu asmo baitute, urtebete barru beraz. Gure Pakea Elkarteak eskerrak helarazi nahi dizkio Rural Kutxari, bere ordenagailua elkarteari emateagatik.

Bazkideen arteko txapelketak
Gure Pakea Elkartekoek batzar nagusiaren segidan ospatuko dituzte urtero moduan, bazkideen arteko txapelketak. Mahai joko eta mugimenduko honako saioak antolatu dituzte, datorren astetik aurrera. Izen ematea zabalik egongo da ostiralera arte, otsailaren 7ra arte:
-Otsailak 11, asteartea: punttua.
-Otsailak 12, asteazkena: tutea.
-Otsailak 18, asteartea: musa.
-Otsailak 20, osteguna: igel eta toka jokoak. Sari banaketa eta askaria.

Txapelketa guztiok Artzabalen jokatuko dira, aipaturiko egunetan, arratsaldeko 16:00etan hasita. Joko hauetan parte hartzeko, otsailaren 7ra arte eman ahal izango da izena Artzabalen. Txapelketak otsailaren 20an amaituko dira. Egun horretan, azken saioak jokatu ostean, sariak banatu eta askari eder bat dastatu ahal izango dute parte hartzaile guztiek.