Banatu dira 25 urte bete dituzten 2014ko Argia Sariak, Atxega jatetxean ospaturiko ekitaldian. Hauxek dira aurtengo irabazleak:
-Interneteko saria: topatu.info.
-Prentsa idatzikoa: Maite Asensio Lozano, Berriako kazetaria.
-Irratikoa: Eider Olazar Elduaien, Info7 irratiko Kalegorrian saioko kidea.
-Publizitatekoa: ErriGora ekimena.
-Telebistakoa: Kike Amonarrizek aurkezturiko ETB 1-eko Tribuaren Berbak.
Sarituen artean, Errigora
Euskal Herri luze eta zabaleko hainbat txokotan, Nafarroa hegoaldeko euskalgintza eta nekazal produktuak sustatu eta laguntzeko kanpaina bideratu zuen Errigorak joan den udazkenean. Baita Usurbilen ere, NOAUA! Kultur Elkartearen bidez. Kanpaina arrakastatsua izan zen, euskal herritarren, eta tartean, usurbildarren elkartasunari esker, guztira 112.000 euro bildu baitzituzten.
Publizitate alorreko Argia Saria jaso du orain, Errigora ekimenak. Zergatik? Honako guztiagatik: "Gure herriko bi oinarri lotu ditu Errigora ekimenak: laborantza eta euskara. Eta horrekin batera, herritar ugariren ilusioa, elkartasuna eta parte hartzeko gogoa.
Antzeko egitasmo bat abiapuntu, ekimenari forma eman eta 2013ko udazkenean egin zuen Nafarroa hegoaldeko produktuak Euskal Herri osora zabaltzeko lehen kanpaina. Errigorako Peru Aranburu eta Xabier Gojenolaren esanetan, produktu-sorta ugari saldu zituzten, herritar askoren laguntzari esker: “Saskien banaketan jende pila inplikatu da, kutxak muntatzen, komunikazio lana egiten; bitarteko urriko ekimena izan arren, jendearen parte-hartzeak eman dio izan duen arrakasta”.
Saldutakoaren diru zati bat Nafarroa hegoaldeko euskalgintza bultzatzeko izango da, han ez baitago bermatuta euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea. Zentzu horretan, “ekimen honek erakutsi du Euskal Herrian dauden errealitate ezberdinei, kasu honetan Nafarroa hegoaldekoari, herri bezala erantzuteko aukera badagoela”.
"Arrakastatsua izan da kanpaina jende askorengana iritsi da eta ez ditu baliabide garestiak behar izan", adierazi du epaimahaiak".