%15eko deskontua, estreinatu berri dugun txotx garaian

Noaua Aldizkaria 2014ko ots. 3a, 00:00

Apirilaren 12ra arte, ostiraletan sagardotegian bazkaldu edo afaldu, eta landetxe, ostatu edo hotelean lo egiteagatik, %15 merkeago. %15eko deskontua bai otorduan, baita lotarako eginiko erreserban ere. Hauxe duzue, estreinatu berri dugun 2014ko txotx garai honetarako, eskualdeko 8 sagardotegik eta 17 ostatuk, Behemendi Landa Garapenerako Elkartearekin eta Udalekin batera, elkarlanean, Usurbil, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria eta Urnietara datozen bisitarientzako prestatu duten eskaintza erakargarria.

Eskualde honek dituen berezitasunak ezagutzera eman edota inguruotako turismoa indartzea helburu duen egitasmo berri hau, aurreko ostiralean aurkeztu zuten hedabideen aurrean. Deskontua aplikatuko duen sagardotegietako batean, Hernaniko Akarregin. Bertan ziren, Behemendi eta baita sagardotegi zein zenbait ostatuetako ordezkariak ere. Turista mordoa erakartzen duen Gipuzkoako hiriburu ondoan kokatua egonik, Donostiarekiko gertutasun horrek, eta orain deskontu honekin, bezero gehiago erakar ditzaketelakoan daude. Bai urrutitik datozenak, edota baita Euskal Herriko beste hainbat txokoetatik sagardo berria dastatzera datozenak ere.

Bi lagunentzako otordua eta egonaldia
Ostirala heldu eta egitasmo honetara atxiki den sagardotegi eta ostatuetako batean apirilaren 12ra arte erreserba egiten duenari beraz, %15 merkeago aterako zaio otordua eta loa. Promozioa aurkezteko antolatu zuten prentsaurrekoan, deskontu honen onuraduna izateko zer egin behar den azaldu zuten egitasmo berri honen eragileek. Lehenbizi ostatua aukeratu eta ostatu horrekin harremanetan jarri telefonoz, edo bestela email bat bidali. Eta noski, erreserba egin. Erreserba egiterakoan ze sagardotegira joateko asmoa duzun esan, eta sagardotegi horren inguruko informazioa eskaini. Eta kito. Ostatuan bertan, deskontu txartel bat jasoko du bezeroak. Promozioan, logela bikoitzean bi lagunentzako gau bateko egonaldia eta sagardotegiko otordu bat sartzen dira, bakailao tortila, bakailao frijitua piperrekin, txuleta, gazta, irasagarra, intxaurrak, ogia eta txotxeko sagardoa barne direlarik.

Ekimen berri honetako eragileen oharra. Beherapena aplikatzeko, bi pertsonentzako erreserba egin beharko da, bai sagardotegian baita ostatuan ere, eta produktu bakoitza bere aldetik ordaindu beharko da. Alegia, ostatuko egonaldi gastuak ostatuan bertan ordaindu beharko dira, eta sagardotegikoak sagardotegian. Promozio hau ostiraletarako egiten dute soilik, apirilaren 12ra arte. 

Guztira 8 sagardotegik parte hartu dute promozio berri honetan. Gertuenetik hasita, Arratzain eta Aginaga sagardotegiek. Baita, aipatu moduan, Hernaniko Akarregi, Iparragirre, Itxas-Buru, Astigarragako Iretza eta Petritegik eta Urnietako Oianume sagardotegiek ere. Sagardotegiekin batera, %15eko beherapena eskaintzera animatu dira baita eskualdeko 17 ostatu ere. Horietatik bost, Usurbil, Aginaga eta Zubietakoak ditugu; Aginaga Hotela, Barazar Landetxea eta Arratzain, Illumbe-Goikoa eta Zabalea Nekazalturismoak. 

Elkarlanean jarraitzeko nahia
Momentuz, apirilaren 12ra arte luzatuko da eskaintza hau. “Denoi ondo etorriko zaigu”, zioen Akarregi sagardotegiko Jon Peñak joan den asteko aurkezpen ekitaldian. Ekimen berri honekin, sagardogile eta ostatuen artean eskualdea bultzatzeko nahia agertu zuen. Ildo beretik, sagardoaz gozatu eta eskualdea ezagutzera etortzeko gonbita luzatu zuen Urnietako K10 Hoteleko ordezkari Maite Alkainek. Erakargarritzat jo zuen %15eko deskontua, eta eskaintza berri honen atzean eragile desberdinen artean egon den elkarlana, aurrera begira mugarria izango dela nabarmendu zuen.

Behemendi Landa Garapenerako Elkarteko ordezkari Ainhoa Amundarainek ere gauza bera aipatzen zuen. Promozio berri hau eskaintzeko ideia, aurretik, eskualdeko udal, sagardotegi, ostatu, eragile publiko zein pribatuekin eginiko bilera eta elkarlanaren emaitza izan dela. Azken bi urteotan, Behemendi eskualde mailako turismoa sustatu nahian baitabil. Nork daki, promozio hau zerbaiten abiapuntua izan liteke. Momentuz apirilaren 12ra arte egongo da indarrean. Baina aurreko asteko agerraldian adierazi zutenez, hurrengo urteetan jarraipena eman asmo diote ekimen berri honi. Eta 2015ean, sagardotegi gehiago animatuko direlakoan daude.