Inposaketa gauzatu da, Espainiako bandera jarri behar izan du Udalak

Noaua Aldizkaria 2014ko ots. 4a, 00:00

Herritar gehienen borondatearen aurka, Espainiako Gobernuko ordezkaritzaren errekerimenduz, eta epai baten aginduz, Usurbilgo eta Gipuzkoako banderekin eta ikurrinarekin batera, Espainiako bandera udaletxeko balkoian da jada atzotik. Beste hainbat erakunde bezala, herri honetako Udala ere berea sentitzen ez duen ikur hau jartzera behartua izan da. Espainiako bandera zintzilikatzeko atzora arteko, otsailaren 3ra arteko epea jarri zioten hain zuzen.

Baina Espainiako banderak usurbildarrak ordezkatzen ez dituenez eta inposaketa hau herritar gehienen borondatearen aurkakoa delako, etxeko balkoi eta leihoetan ikurrinak jartzera deitzen dute Udaletik. "Madrildik datorren inposaketa hau mantentzen den bitartean (ikurrina) zintzilikatuta edukitzeko deia luzatzen die, Usurbilen herritarrek berea sentitzen duten ikurra zein den argi adieraziz", dio, EH Bildu, Hamaikabat eta EAJ-PNV udal taldeek iragan astean kaleratu zuten adierazpenak.

Etxean ikurrina faltan denak, Usurbilgo Udalak eskuragarri jarriko ditu oihal zuri, gorri, berdeak. "Udaletxetik herritar guztiak animatu nahi ditugu balkoietan ikurrinak jartzera. Inposaketaren aurrean gure ikurra zein den argi adieraz dezagun!", luzatu dute gonbita.

Ikurrinaren bat behar duenak, zazpi guneotan ditu eskuragarri:
-Udaletxeko erregistroan.
-Udal liburutegian.
-Kiroldegian.
-Artzabal tabernan.
-Aginagako Arrate egoitzan.
-Santueneko zahar egoitzan eta auzo elkartean.
-Zubietako Herri batzarrean.


Hauxe da bestalde, gertaera hauen harira, Usurbilgo EH Bildu, Hamaikabat eta EAJ-PNV taldeek batera kaleratu duten adierazpenak dioena, bere osotasunean:

Ikurriña zintzilikatzeko deia egiten du Udalak
Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak egindako errekerimenduaren ondoren eta 527/2013 epaiaren bidez, Usurbilgo Udala otsailaren 3rako Espainiako bandera jartzera behartu dute, herritarren borondatearen aurka. Epaia betetzerakoan, Usurbilgo Udalak (EHBildu, Usurbilgo Hamaikabat eta EAJ-PNV) ondorengo adierazpena helarazi nahi die herritarrei:

Herriak aukeratzen ditu bere ikurrak, bereak egiten ditu eta horregatik dira herriaren ikur. Aldiz, legearen indarrez inposatutakoak badira, orduan, inposizioaren ikur bihurtzen dira.

Espainiako bandera zigorraren mehatxupean inposatutako sinboloa da gure erakundean. Herritar gehienon nahiaren aurka ezarri eta herritarren ordezkarien erabakimenaren kontra jarriko da. Espainiako banderak ez ditu usurbildarrak ordezkatzen eta inposaketaren bidetik bakarrik ikusiko dute ikur hori gure herrian. Ez ditugu banderak eta koloreak gutxiesten. Aitzitik, ordezkatzen dituzten lurraldeetako ikur izatea zilegi dela deritzogu. Baina, era berean, argi dugu nongoak garen eta zerk ordezkatzen gaituen.

Hau guztia kontuan hartuta, Usurbilgo Udalak herritar guztiei dei egiten die etxeetako leiho eta balkoietan ikurriña zintzilikatzeko. Era berean, Madrildik datorren inposaketa hau mantentzen den bitartean zintzilikatuta edukitzeko deia luzatzen die, Usurbilen herritarrek berea sentitzen duten ikurra zein den argi adieraziz. 

Usurbilen, urtarrilaren 29an 

EHBildu, Usurbilgo Hamaikabat eta EAJ-PNV