"Zorionak zuri ere auzolan ekimen honetan sinistu eta inplikatu zarelako"

Noaua Aldizkaria 2014ko ots. 5a, 00:00

Nafarroa hegoaldea laguntzeko, joan den udazkenean burutu zuten elkartasun kanpainarako zituzten aurreikuspenak gaindituta, eta urtarrilaren 31z geroztik Argia saria eskutan dutela, oso pozik dira Errigora ekimeneko ordezkariak. Euskal Herri luze eta zabalean (tartean Usurbilen NOAUA! Kultur Elkartearen bidez) saldutako 8.000 saskiei esker, 112.000 euro biltzea lortu dute. Jasotako laguntzaren zati bat, Nafarroako erriberako euskalgintza suspertzera bideratuko dute. Hiru proiektuetara hain zuzen. 

Errigora ekimenekoek Nafarroa hegoaldeko produktuez hornituriko saskiak salduz lorturikoa, modu batean edo bestean laguntza eman duten herritarrekin partekatu nahi dute. "Zorionak zuri ere auzolan ekimen honetan sinistu eta inplikatu zarelako. Erribera eta ERRIGORA, herria egin daitekeela sinetsi eta Nafarroa hegoaldeko errealitatea mahai gainean jarriz, ilusioz betetako dinamika bat martxan jartzea lortu dugu. Parte hartze bikaina, giro ederra, elikagai goxoak, nafar ekoizleei eskari itzela... eta gainera 112.000 €-ko ekarpen ekonomikoa 3 euskara eragilerentzat", adierazi dute Errigorakoek NOAUA!ra bidali duten oharraren bidez.

Baliabide gutxirekin, kanpaina arrakastatsua
Hori gutxi ez eta, aurreko ostiralean publizitate alorreko Argia saria jaso zuten Errigorako ordezkariek, Atxegan ospatu zen ekitaldiaren baitan. Saria, epaimahaiaren esanetan, baliabide gutxirekin kanpaina arrakastatsu bat osatzea lortu dutelako jaso dute: "Arrakastatsua izan da kanpaina, jende askorengana iritsi da eta ez ditu baliabide garestiak behar izan".

Baina egitasmo honen beste alderdi batzuk ere baloratu dituzte Argia saria ematerakoan. "Gure herriko bi oinarri lotu ditu Errigora ekimenak: laborantza eta euskara. Eta horrekin batera, herritar ugariren ilusioa, elkartasuna eta parte hartzeko gogoa".

Poztasun horren emaitza laburbiltzen du ondoko argazkiak. Errigorakoek jaso berri duten Argia saria ageri da, eta ondoan, panel handi batean, euskal herritarren elkartasunari esker, Nafarroa hegoaldeko euskalgintza bultzatzeko bildu duten laguntza.