Oinatz Iparragirre Arregi, Bartzelonako Euskal Zinemaldiko irudia

Noaua Aldizkaria 2014ko ots. 5a, 00:00

James Bond erara iragarriko du Bartzelonan bizi den usurbildarrak, otsailaren 13tik 22ra Herrialde Katalanetan ospatuko den IX. Euskal Zinemaldia. Zinemaldi honetako irudia izango da. Abarka eta txapelarekin, euskal ukituko traje batekin ageri da Oinatz, Euskal Etxeak antolaturiko ekimena iragartzeko kartelean.

Usurbildarra irudi nagusi izango duen Zinemaldiak berrikuntza nagusi bat dakar aurtengoan. Zinema aretoetara zabalduko dutela egitaraua. Modu honetan, Euskal Herriko kultura eta gure artean ekoizten diren hainbat lan, ikus-entzule katalanei gerturatu nahi zaizkie. 

Euskal Zinemaldiak urrats berri hau eman ahal izateko ordea, beste hainbat ekimenekin gertatzen den moduan, laguntza beharrean dira. Horretarako, zinemaldia bultzatzeko, mikromezenasgo kanpaina bat abiatu du Bartzelonako Euskal Etxeak.

Zumetaren sortze lanari buruzko dokumentala
Otsailaren 13an estreinatuko den Euskal Zinemaldiko bederatzigarren ediziorako prestaketa lanetan, buru belarri murgilduak dabiltza antolatzaileak. Oinatz Iparragirre Arregi usurbildarra ageri den kartela prest dute jada.

9 egunez ospatuko diren ekitaldien artean, bada NOAUA!n nabarmendu beharreko hitzordu bat. Zinemaldiko ekitaldietan parte hartzekoa da Oinatz. Hitzorduotako batean, Iparragirrek beste usurbildar batekin topo egingo du; Monika Zumetarekin. Enara Goikoetxearekin batera, "Izenik gabe 200x133" dokumentala ekoitzia du. Monikaren aitak, Jose Luis Zumeta artistak margolan bat nola sortzen duen azaltzen da ikus-entzunezko honetan. Joan den Kulturaldian, NOAUA! Kultur Elkartearen eta Usurbilgo Udalaren arteko elkarlanari esker, Sutegin proiektatu zen. Lan hau aurkeztuko du Monika Zumetak, Bartzelonako Euskal Zinemaldian.