Horregatik, ekainaren 8an Durango Iruñearekin lotuko duen erabakitze eskubidearen aldeko giza-katean parte hartzera gonbidatzen dituzte usurbildarrak. Deialdia, udalerri honetan osatua dagoen Gure Esku Dago bilguneari loturiko lan taldeak egin zuen iragan igandean, Sutegi atarian. Giza-kateari babesa adierazteko ondoko argazkia atera zuten herritarrekin.
Ekainaren 8ko giza-katea girotzeko, ekimen gehiago iragarri dituzte hurrengo asteotarako. Oraingoz finkatua duten hitzordua, larunbat honetarako, otsailaren 8rako iragarri dutena da. Jon Maiak zuzendutako "Gazta zati bat" filma proiektatuko dute, arratsaldeko 18:00etatik aurrera Sutegin.
Honez gain, beste ohar bat; giza-katean parte hartu nahi duenak, aurrez eman beharko du izena. Usurbilgo Gure Esku Dago bilguneak, erabakitze eskubidearen aldeko ekimen honetan apuntatzeko mahai bat jarri zuen igandean Sutegi atarian. Aurrerago ere beste hainbatetan jarriko dute, giza-katean parte hartzeko metro bat erosi behar baita. 5 euro ordainduta eta izena emanda eskura daiteke. Trukean, giza-katerako motxila eta zapi bana jasoko dira. Izena ematen doazen herritarren zerrenda, Sutegiko aretoko erakusleihoan jarri asmo dute.
"Hartu zuen agendak, eta gorriz bildu ekainaren 8a"
Durangotik Iruñeara bidean, usurbildarrek eremu propioa izango dute ekainaren 8an; Uharte-Arakilen hain zuzen. Antolatzaileek aurrerago emango dute, ekimen honen inguruko zehaztasun gehiagoren berri. Momentuz hementxe, ekainaren 8ko giza-katean parte hartzeko, Usurbilgo Gure Esku Dago bilgunetik iragan otsailaren 2an luzatu zuten gonbita:
Dakizuenez, ekainaren 8an giza-katea egingo dugu Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen alde, duela hilabete batzuk katalanek Via Catalanarekin egin bezala. Guk, haiek ez bezala, ez dugu 400 kilometroko giza-katea osatuko, baina 123 kilometro izango dira, eskuz-esku osatu nahi ditugun 123 kilometro.
Dakizuenez, Euskal Herriko hainbat herritan taldeak sortu dira, egun horretarako atxikimenduak biltzeko. Eta ez dizuegu gezurrik esango: jende asko beharko da kilometro horiek guztiak eskuz esku egiteko. Printzipioz, nazio mailan, 50.000 pertsona beharko direla kalkulatu dugu.
Horietatik zenbat izango diren usurbildarrak? Ba horixe bera aurkeztera gatoz gu gaur: Baietz 400 usurbildar elkartu!
Baten bati otuko zaio hori jende asko dela, autobus gehiegi ez ote diren behar jende hori dena mugitzeko… Baina jarri zaitezte pentsatzen: zenbat lagun bildu gara hemen erabakitze-eskubidearen alde? Eta zuetako bakoitzak zenbat lagun ditu pentsamendu berekoak?
Ez dugu asko eskatzen: nazioarteko legeek nazio guztiei aitortzen diena besterik ez. Erabakitzeko eskubidea. Zergatik ez dugu, orduan, dagokiguna eskatuko? Saiatzen ez denak hasieratik ixten dizkio bere buruari ate guztiak.
Giza-katera itzuliz, parte hartzeko pertsona bakoitzak metro bana erostea proposatzen dugu. Bost euroren truke, motxila bat eta zapi bat eskuratuko dituzue: errealistak izanda, elkarren eskuetara iristeko beharko ditugu zapi horiek.
Beraz, hartu zuen agendak, eta gorriz bildu ekainaren 8a. Herritarrok badugu zeresana gure etorkizuna denean jokoan dagoena.
Gure Esku Dago Usurbil, 2014-02-02