138.500 euro bideratu asmo ditu Udalak, herri eragileentzako diru-laguntzetara

Noaua Aldizkaria 2014ko ots. 5a, 00:00

2014an zehar kultura, gizarte zerbitzu, kirol eta nekazaritza arloetan Usurbilen gauzatu nahi diren egitasmoak babestera bideratua dagoen udal diru-laguntzen deialdia martxan da jada. Interesdunek otsailaren 26ra arte aurkeztu ditzakete eskabideak. Eskariak, udal erregistroan aurkeztu beharko dira. Eskaera-orriak ere bertan eskuratu ahal izango dira. Gerora, eskabideok baloratuko ditu Usurbilgo Udalak. Diru-laguntza hauen onuradunek, laguntzaren %50a, onuradun izan direla jakinarazi bezain laster jasoko dute. Beste erdia, laguntza justifikatu ondoren.  

Oinarriak eskuragarri
Lau deialdiotan (kultura, gizarte zerbitzuak, kirolak, eta nekazaritza eta ingurumena) parte hartzeko oinarriak eskuragarri dituzue, web orrialde hauetan:
-Otsailaren 3ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean: https://ssl4.gipuzkoa.net/euskera/gao/2014/02/03/be140203.htm

-Usurbilgo Udalaren web orrialdean: www.usurbil.net
-Kultur arloko diru-laguntzen oinarrien berri, baita helbide honetan ere: http://kultura.usurbil.net/eu/

Aurrekontuetako laguntza partida mantendu dute
Herri eragileei emandako diru-laguntzak bere horretan mantentzeko asmoa du Usurbilgo Udalak, 2014. urte honetan. Hauexek dira onartuak dituen aurrekontuetatik, Udalak deialdi honetara bideratuko dituen diru partidak:
-Kulturarako laguntza partida: 80.000 euro.
-Kiroletarako laguntza partida: 45.000 euro.
-Ingurumenerako eta nekazaritzarako laguntza partida: 3.000 euro.
-Ongizate alorrerako laguntza partida: 10.500 euro.