Joseba Tapiak lan berria aurkeztuko du, otsailaren 16an Sutegin

Noaua Aldizkaria 2014ko ots. 6a, 00:00

"Tximela kapitainaren izarrak" izeneko lana aurkeztuko du jendaurrean, aipatu moduan, otsailaren 16an, igandez, iluntzeko 19:00etatik aurrera Sutegiko auditorioan. Sarrerak aurrez erosteko aukera egongo da, 6 eurotan Txiribogan eta NOAUA!ko egoitzan. Baita emanaldi egunean bertan ere, 8 euroren truke. Bazkideek aurrez eta NOAUA!ko egoitzan eskuratu ahal izango dituzte 5 eurotan. 

Tximela kapitain gazteak, Luis Rezolak 1937an Duesoko presondegian idatzitako bertso eta poemetan oinarritua dago, Tapiaren lan berria; "Gosea, herrimina, fusilamenduak, bizitza osorako kartzelaldia eta esperantza hala ere".

Gitarra eskutan duela etorriko da, NOAUA! Kultur Elkarteak Sutegin antolatu duen ekitaldira, "melodiaren sotiltasunez egoeraren garratza eta presoaren bakartasuna adierazteko, eta baita, bestalde, gure kantagintza modernoa abiatu zuten kantarienganako keinuan".

Aste honetako NOAUA!rako eskaini dion elkarrizketan, Joseba Tapiak berak aurreratu duenez, "Luis Fernandez eta biok irtengo gara oholtza gainera, txeloa eta gitarra soilez. Kantaldia eskainiko dugu, kantua aldarrikatuko. Tximelaren lanen berri emango dugu, eta bide batez labetik atera berriko disko batean bilduak daudela gogoraraziko diegu usurbildarrei".

Joseba Tapiak NOAUA!ri eskainiko elkarrizketa osoa: http://www.noaua.eus/hemeroteka/aldizkariak/561web.pdf