"Espetxe politika honi ez. Sakabanaketa amaitu!!!" lelopean elkarretaratzea burutu da gaur iluntzean frontoian. Puerto I espetxean zegoen Arkaitz Bellon euskal presoa hilik agertu zen atzo. Honen harira, beste behin, salbuespenezko espetxe politika eta sakabanaketa amaitzea eskatu dute beste behin, bai Usurbilen, baita gaur iluntzerako Euskal Herriko beste hainbat txokotan deituak zeuden mobilizazioetan. Zendu berri den euskal presoaren senide eta lagunei elkartasuna adierazi zaie baita.
Eta biharko deituak dauden mobilizazioetan parte hartzeko gonbita luzatu dute. Ostiral honetan hain zuzen, otsailak 7, elkarretaratze bana burutuko da: eguerdian hiriburuetan. Donostiakoa, udaletxe parean. Eta 20:00etan Usurbilen, Mikel Laboa plazan.
Kalean behar zuen
Arkaitz Bellon elorrioarraren heriotzaren harira, egungo espetxe politika salatzeko mobilizazioak deitu dituzte 30 bat eragileek Bilbon burutu duten agerraldian. Besteak beste, Etxerat, EH Bildu, LAB edota Ikasle Abertzaleak-eko ordezkariek, "Espetxe politika honi ez. Sakabanaketa amaitu" lelopean egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitzen dituzte herritarrak.
Eragile guztiok, elkartasuna adierazi nahi izan diete Arkaitzen lagun eta senideei. Bellon Sorterritik, Elorriotik mila kilometrora hil dela salatu dute, espetxe zigorraren bi herenak beteta izan eta honenbestez, kalean behar zuenean. Maiatzean aske utzi behar zuten. Egungo salbuespenezko espetxe politika salatu eta presoen sakabanaketarekin amaitzea exijitu dute beste behin.
Aipatu moduan, aski da esateko ordua heldu dela eta herritarrak kalera irtetera deitu dituzte. Mobilizazioak antolatu dituzte gaur bezala, baita biharko ere:
Otsailak 7, ostirala
12:00 Elkarretaratzeak hiriburuetan: Donostian, udaletxe aurrean.
20:00 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.