Mikel Laboa plazan eta "Espetxe politika honi ez. Sakabanaketa amaitu!!!" lelopean. Atzo iluntzean frontoian deitu zen mobilizazioan bezala. Puerto I espetxean zegoen Arkaitz Bellon euskal presoa hilik agertu zen asteazkenean. Honen harira, salbuespenezko espetxe politika eta sakabanaketa amaitzea eskatu zuten bart, bai Usurbilen, baita Euskal Herriko beste hainbat txokotan deituak zeuden mobilizazioetan. Zendu berri den euskal presoaren senide eta lagunei elkartasuna adierazi zaie baita.
Eta gaurko deituak dauden mobilizazioetan parte hartzeko gonbita luzatu zuten iluntzean frontoian. Ostiral honetan hain zuzen, otsailak 7, elkarretaratze bana burutuko da: eguerdian hiriburuetan. Donostiakoa, 12:00etan udaletxe parean. Eta iluntzeko 20:00etan Usurbilen, Mikel Laboa plazan.
Kalean behar zuen
Arkaitz Bellon elorrioarraren heriotzaren harira, egungo espetxe politika salatzeko mobilizazioak deitu dituzte egunotarako 30 bat eragileek Bilbon atzo burutu zuten agerraldian. Hona hemen, Arkaitz Bellon euskal presoaren heriotzaren harira egiten duten irakurketa:
Sakabanaketa eta espetxe politika honekin amaitzeko garaia da
Lehenik eta behin gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu Arkaitz Bellonen senide eta lagunei. Une lazgarri hauetan gure babes eta berotasuna adierazi nahi dizkiegu.
Bere herritik 1000 kilometrora hil da Arkaitz Bellon, Puerto Ieko espetxean zigorraren 2/3ak beteta izan arren. Beraz, kalean egon behar zen. 1.000 kilometro hauen atzean dagoen errealitateari erreparatzen badiogu, giza eskubideen urraketa eta mendekuan oinarritutako espetxe politika gizagabe eta krudela da gaur egun protagonista nagusia eta Arkaitzen heriotzaren erantzule zuzena.
Egoera hau beti izan bada bidegabea, berau mantentzea erabat zentzugabea eta onartezina bihurtzen da gure herrian zabaldu den errealitate berrian. Arkaitzi gertatutakoa edonori edonoiz gerta dakioke eta ez du gehiago gertatu behar. Gauzak honela salbuespeneko espetxe politika honekin eta sakabanaketarekin amaitzea eskatzen dugu herri honetan gehiengoak aldarrikatzen duenarekin bat eginez.
Sakabanaketa eta espetxe politika honekin amaitzeko garaia da. Aski da! esateko unea da.
Horretarako, eskari hau luzatzeaz batera inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu eskubide guztien alde egiten dugu indarrek bat egitea eta kalera ateratzea, sufrimenduaren soka luze honekin lehenbailehen bukatzeko. Ondorioz "Espetxe politika honi ez, sakabanaketa amaitu" lelopean mobilizazioak deitzen ditugu gaur eta bihar arratsaldean Euskal Herriko herrietan eta era berean bihar eguerdian kontzentrazioak Gasteiz, Bilbo eta Donostian, hiru hiriburuetako udaletxeen aurrean. Egun indarrean dagoen espetxe politika eta sakabanaketarekin amaitzeko gu guztiok beste urrats bat egitera goaz eta horretarako gonbidapena luzatzen dizuegu.