Ia urtebeterako hitzarmena, 2014ko abenduaren 31ra arte. Lankidetza hitzarmen honen baitan, Usurbilgo Udalak 6.000 euroko laguntza emango dio Hamaika Telebistari. Gaur eguerdian Potxoenean Mertxe Aizpurua alkateak eta 11 Telebistaren izenean Iñaki Uriak sinaturikoaren arabera, "Tokiko Telebista Digitalaren bidez, usurbildarrei ikus entzunezko ekoizpenak nahiz informazioa euskaraz eskainiko zaizkie. Horretarako, euskaraz tokiko informazioa landu, ekoiztu, euskara azken teknologietan trebatu eta produktu ezberdin ugari euskaratzeak dakartzan gain kostuak arintzea da hitzarmen honen xedea".
Udalak emandako diru-laguntzaren truke, Usurbil eta usurbildarren presentzia bermatua geratuko da, programazioa euskara hutsean emititzen duen aipatu telebista katean. Batetik, "Gurean gaur" izeneko magazinean, Usurbilgo albisteak txertatzeko aukera egongo da. Astelehenetik ostegunera eskaintzen duten "Hona hemen" erreportaje laburren saioan berriz, Hamaika Telebistak udalerri honi loturiko lau erreportaje grabatzeko konpromisoa hartzen du. Eta "Sagarrondotik" saio oso baten babesletza izango du Udalak. Telebistan Usurbil edo usurbildarrei emititutako edukiak www.hamaika.tv atarian zintzilikatuko dituzte, baita sare sozialen bidez zabaldu ere. Eta Usurbilgo Udalak edukiok bere web orrirako baliatu ahal izango ditu.
Halako hitzarmen bat sinatzen aitzindari
Mertxe Aizpuruak aditzera eman digunez, “euskal hedabideak eta telebista arloan euskaraz egiten diren eginkizunak babestea eta sustatzea da gure helburua. Behar beharrezkoa den zerbait dela iruditzen zaigu. Kontuan izanda telebista batek ze gastu kopurua duen eta zein zaila den telebista arloa garatzea, laguntzarik gabe. Horrek eraman gaitu Hamaika TBrekin hitzarmen hau sinatzera. Eta horren truke, Usurbilgo herriak onura batzuk jasoko ditu. Presentzia izango du Hamaika Telebistan eta hori usurbildarrentzat ona izango delakoan gaude”.
Hitzarmen hau sinatzen Usurbil aitzindaria izan dela gogorarazi du Hamaika Telebistako ordezkari Iñaki Uriak. "Usurbilgo Udalarekin sinatu genuen lehen hitzarmena", adierazi du Potxoenean. Aurreko, 2007-2011 legegintzaldian izan zen.