Erabakitze eskubidearen alde, ekainaren 8an Durango Iruñearekin lotuko duen giza-katea girotzeko lanetan dabil Gure Esku Dago Usurbil bilgunea. Ekimenari babesa adierazteko ondoko argazkia atera zuten usurbildarrek, otsailaren 2an. "Gazta zati bat" filma proiektatzekoak ziren joan berri zaigun asteburuan.
Eta aste honetarako ere ekimen gehiago iragarri dituzte. "Eskuz esku" furgoneta ibiliko da asteazken arratsalde partean Usurbildik, ekainaren 8ko giza-katearen berri ematen. Usurbilgo lan taldeak gainera, herriko zenbait saltokiren laguntzaz, eskuorriak jarri dituzte bezeroen eskura zenbait dendetan. Datorren asteburuari begira, beste bi hitzordu; batetik, ostiral arratsaldetik aurrera, kirol jarduera ezberdinei loturiko neurketak ospatuko dira. Eta igandean, bazkalaurreko poteoan, ekainaren 8ko giza-katerako izena eman ahal izango da. Eguraldi ona bada, Gure Esku Dago bilguneak Mikel Laboa plazan jarri asmo duen mahaian.
Gogoan izan, giza-katean parte hartzeko aurrez izena eman beharra dagoela. Herritar bakoitzak metro bat erosi behar du 5 eurotan. Trukean, 123 kilometro luze izango dituen ekimenerako motxila eta zapi bana jasoko du. Euskal Herri osoan gutxienez 50.000 lagun biltzeko erronka jarri dute antolatzaileek. Usurbilen 400 bildu nahi dituzte. Herritarrak jada apuntatzen hasiak dira. Ekainaren 8ko erabakitze eskubidearen aldeko ekimenean parte hartzeko eremua zehaztua dute usurbildarrek; Uharte-Arakilera gerturatu beharko dute.
Hitzordu gehiago deitu ditzakete
Hauexek momentuz, Gure Esku Dago bilguneak egunotarako deitu dituen ekimenak. Jarraian zehaztuago, ordutegi eta guzti. Egitaraua ordea behin behinekoa da, aldaketak izan ditzake. Hitzordu gehiago deitzea ere aurreikusia baitute antolatzaileek:
Otsailak 12, asteazkena
18:00 "Eskuz esku" furgoneta ibiliko da Usurbildik.
Otsailak 14, ostirala
18:45etatik aurrera, futbol, eskubaloi, pala eta eskupilota partidak.
Otsailak 16, igandea
12:00etatik aurrera eta bazkalaurreko poteo orduetan, giza-katean izen emateko aukera. Eguraldi ona bada, Mikel Laboa plazan jarriko dute apuntatzeko mahaia.
Antolatzailea: Gure Esku Dago Usurbil.