400 eurorekin saritua, gidabaimena euskaraz ateratzeagatik

Noaua Aldizkaria 2014ko ots. 10a, 00:00

Pozik asko, 400 euroko txartel saria eskutan duela erretratatu dugu gaur eguerdian Onintze Kamino, Alaitz Aizpurua Usurbilgo Udaleko euskara saileko zinegotziarekin batera. 

Gaur zortzi egin zen zozketan egokitu zitzaion saria usurbildarrari. 400 euroko hamaika sari zozketatu zituzten otsailaren 3an, Astigarragako kultur etxean, Buruntzaldeko sei udalek; hau da, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte, Urnieta eta Usurbilgoek hain zuzen. Iaz, gidabaimenaren zati teorikoa euskaraz prestatu eta gainditu zuten eskualdeko hamaika autoeskoletako ikasleen artean burutu zuten zozketa. Honenbestez, hamaika lagun saritu zituzten guztira. Bakoitzak 400 euroko ordainsaria jasoko du. 

Zozketa udalerrika egin zen, iaz gidabaimena euskaraz prestatu eta gainditu zuten ikasle guztien artean. Usurbilen autoeskola bakarra izanik, herritar bat saritu zuten: ondoko irudikoa, Onintze Kamino Landa.

135 lagun iaz, gidabaimena euskaraz atera zutenak
Pozik agertu ziren, gidabaimenari loturiko ikasketak euskalduntzeko egitasmoa bideratu ohi duten Buruntzaldeko udal eta autoeskolak. Azken hiru urteotan, gidabaimena euskaraz prestatu eta gainditu duten ikasleen kopurua laukoiztu baita. 2010ean 34 lagun izan ziren. 135 lagun iaz, Buruntzalde osoan; 21 andoaindar, Astigarragako 7 lagun, 59 hernaniar,  28 lasartear, 12 urnietar eta 8 usurbildar. Buruntzaldeko udalak pozik dira azken urteotan gidabaimena euskaraz ateratzeko hautua egin duen ikasle kopurua nola hazi den ikusita, baina datuok hobetu nahi dituzte. Horregatik, egitasmo honen aldeko apustua egiten jarraitu asmo dute. Kanpaina berri bat abiatuko dute datorren maiatzean.

Iaz gidabaimena euskaraz atera zutenen artean duela astebete eginiko zozketan sarituak, hauek dira:

Andoain:
Mikel Arribillaga Garcia, Bengoetxea autoeskola.
Garbiñe Guedejo Ezenarro, Mendi autoeskola.

Astigarraga:
Argoitz Otaño Merketegi, Otamendi autoeskola.

Hernani:
Julen Gaztañaga Iturralde, Otamendi autoeskola.
Josu Altuna Irazusta, Otamendi autoeskola.
Ekiñe Arruti Salaberria, Hernani autoeskola.

Lasarte:
Miren Cuervo Izagirre, Mujika autoeskola.
Nerea Sanchez Guerra, Mujika autoeskola.
Itziar Mujika Calonge, Lasarte autoeskola.

Urnieta:
Mikel Artola Pagola, Otamendi autoeskola.

Usurbil:
Onintze Kamino Landa, Mujika autoeskola.