Igande honetan, otsailak 16, arratsaldeko 18:00etatik aurrera Usurbilgo Gaztetxean antolatu dute ekimena, Usurbilgo Gazte Asanbladak eta Ernai Usurbilek. Torturaren erabilera ardatz nagusi duen ikus-entzunezko lan honek, errealitate latz hau jasan duten pertsonen, abokatu, mediku edota aktibisten lekukotzak jasotzen ditu.
Bideo emanaldi honen harira, antolatzaileek, hiru egun barru, otsailaren 13an oroituko den Torturaren Aurkako Egunari loturiko honako irakurketa plazaratu nahi izan dute:
"33 urte pasa dira jada 1981ko otsailaren 13an, Polizia espainolek Joxe Arregi militante abertzaleari eragindako tortura basatien ondorioz erahil zutela. Kasik urte kopuru berdina Joxean Lasa eta Joxi Zabala militante eta errefuxiatu politikoak bahitu, hilabetez torturatu eta erahil zituztela. Gertakizun horiek inflexio puntua ezarri zuten Euskal Herriko historian, eta orduz geroztik gure herrian bizi izan dugun errealitate gordin hau salatzeko egun seinalatua izan da gurean otsailaren 13a.
Joxek, beste ehundaka euskal herritarrek bezala, ezin izan zion errepresioaren aurpegirik bortitzenari ihes egin. Atxilotua, egun luzez inkomunikatua eta basatiki torturatua izan zen, bere kideei gutun batetan esan bezala “Oso latza izan da!” esaldiak aditzera ematen duen bezala.
Gure herriak azalean ezagutu izan du urte luzeetan zehar tortura. Etsaiaren hatzaparretan erori eta militante abertzaleoi informazio politikoa ateratzeko baliatua izan da, informazioa zeinarekin ondoren, kideen aurkako sarekada berriak, edota Espainiar zein Frantziar Estatuetako epaitegietan froga gisa torturapean eskuratutako deklarazioak onartzen diren, horren ondotik kartzela zigorrak ezarriaz.
Ezin ahaztu ere, atxiloketa eta honekin batera datorren inkomunikazio eta torturak ekiditeko asmoz hamaika euskal herritarrek euren bizitza atzean utzi eta ihesera jo behar izan dutela azken hamarkadotan zehar. Iheslariak zeinak oraindik ere munduan zehar barreiaturik aurkitzen diren, kasu askotan euren aurka tratu txarrak tarteko eskuratutako informazioa oinarri dituzten prozedura judizialak artxibatu ez direlako.
Egun beraz, oso presente dagoen errealitatea dugu torturarena. Ezker Abertzaleko militanteok gertutik ezagutu dugu azken urte luzeetan, eta oraindik ere epaiketa ezberdinen inputazioetarako oinarri edota ihesean daudenen ihesaldirako eta itzuliezintasunerako pisuzko arrazoia dugu.
Gure herriak bizi duen gatazkaren errelatoa idazteko ordua dugula aipatu dugu sarri azken aldian, egiazkoa eta ez etsaiak saldu nahiko duen errelatoa. Zeregin horretan denok dugu zer esan, nondik egin ekarpena, Euskal Herrian geratatutakoaren errelato integrala idazteko ardura ere gu denona da. Eta gazteona ere bada, noski. Gauzak horrela, datorren otsailaren 13an eta otsailaren 16ean kalera atera eta tortura bai eta torturatzaileak eurak ere gogor salatzeko deialdia luzatzen dugu. Izan duen erabilpen politikoa agerian utzi eta herri honek bizi izan duen eta egun ere gure artean dagoen errealitaterik beltzena jendartean zabal dezagun, sekula ahaztua eta hortaz errepikatua izan ez dadin."