Inauteri Festako afaria, Usurbilgo Gaztetxean

Noaua Aldizkaria 2014ko ots. 11a, 00:00

Pixkanaka, herri eragile desberdinen artean, datorren Inauteri Festako egitaraua osatzen ari gara. Gaia, gogoan izan, finkatua dago jada; martxoaren 1ean, Erdi Aroa izango dugu mozorrotzeko aitzakia. Kalera ateratzeko gonbita ere luzatua dago. Martxoko estreinako egunean, goizetik goizaldera festa giroan murgilduko da Usurbil. Aurrerago zehaztuko dizkizuegun zenbait hitzordu antolatu dira. 

Baina gaurkoan, aurrerapen gisa, Inauteri Festako otorduaren berri eman nahi dizuegu. Iaz, eguna bazkari baten bueltan ospatu ahal izan zen. Aurtengorako ordea, duela bi urteko formula berreskuratu da; eguerditik, Inauteri Festa kalean ospatzeko aukera egongo da. Eta iluntzean denok, afaritara. Oraingoan, Usurbilgo Gaztetxera. Alkartasuna Kooperatibaren egoitza ohian ospatuko da, Usurbilgo Gazte Asanbladak antolaturiko otordua. Merkea eta goxo askoa. Menua aurreratzeko moduan gara: paella, solomoa eta postrea. Baita afariaren prezioa ere: 13 euro.

Txartelak, asteburutik aurrera salgai
Gazte Asanbladakoek antolaturiko afaritara joateko txartelak aurrez eskuratu beharko dira. Asteburutik aurrera egongo dira salgai, NOAUA!ko egoitzan, Irratin eta Txiribogan. Afaritarako sarrerak erosteko azken eguna, otsailaren 26a izango da. Baina ez utzi azken momentura arte. Txartelak ahalik eta lasterren erosi. Aipatu moduan, oraindik ez daude salgai. Asteburutik aurrera eskuratu ahal izango dituzue.

Afalorduan bezala, afalaurretik ere izango da zer ospatua martxoaren 1eko Inauteri Festan. Zehaztasun gehiago, aurrerago.

Ekitaldi gehiago, Inauteri Festaren aurretik
Hala da. Martxoaren 1eko Inauteri Festaren aurretik, beste hainbat ekimen burutzeko, Usurbilgo Gaztetxeko ateak zabalik izango dira. Hasteko, etzi, otsaileko bigarren osteguna izanik, afari beganoa antolatu dute iluntzeko 20:30etatik aurrera. Borondatearen truke. Etzi, otsailaren 13a dugu bestalde, Torturaren Aurkako Eguna. Honen harira, errealitate hau lekukotza desberdinen bidez jorratzen duen "120 ordu" bideo emanaldia antolatu du Gazte Asanbladak, Ernai Usurbilekin batera, igande arratsaldeko 18:00etarako. 

Eta Inauteri Festa aurreko asteburuan, kontzertu gaua ospatuko da Usurbilgo Gaztetxean. Otsailaren 22an izango da. Hiru musika taldeek parte hartuko dute: Cant Explain (Orio) eta MKT (Zarautz) taldekoek. Eta haiekin, baita Usurbilgo Deseginek ere. Azken talde honek grabatua duen lehen diskako abestiak entzuteko aukera egongo da, gaueko 23:00etatik aurrera. Emanaldirako sarrera doakoa izango da. 

Hauxe duzue beraz, datozen asteotan Usurbilgo Gaztetxean ospatuko diren ekimenen egutegia:

Otsailak 13, osteguna
20:30 Afari beganoa, borondatearen truke.

Otsailak 16, igandea
18:00 "120 ordu" torturen gaia jorratzen duen bideo emanaldia.

Otsailak 22, larunbata
23:00 Kontzertu gaua, Desegin (Usurbil), Cant Explain (Orio) eta MKT (Zarautz) taldeekin.

Martxoak 1, larunbata
21:30 Inauteri Festako afaria. Txartelak aurrez salgai, NOAUA!n, Txiribogan eta Irratin.