Haizea, ufada zakarrekin dabil azken orduotan. Asteburuaz geroztik abisu horiaren eraginpean gaude eta hala jarraituko dugu datozen egunotan ere. Asteazken arratsaldeko 15:00etatik ostegun goizaldeko 6:00ak arte, abisu horiaren eraginpean egongo gara haizeagatik. Haizeguneetan 100 kilometro orduko boladak espero dira. Haizegunean ez diren lekuetan, 70-80 kilometro ordu ingurukoak.
Egunotarako eguraldi iragarpena:
Otsailak 11, asteartea
"Giro nahasia gaur ere, bustia arratsaldean eta haizetsua goizean. Hodeiak nagusituko dira zeruan eta bata bestearen atzetik pasatuko diren fronteek euria utziko dute. Dena den, gaur azpimarragarriena haizea izango da. Eguerdira bitartean hego-mendebaldetik gogor joko du; arratsaldean ipar-mendebaldera egingo du eta pixkatxo bat baretu egingo da. Goizean goiz hotz egingo du, baina hego ukituko haizearen eraginez gorantz egingo du tenperaturak eguerdian".
Otsailak 12, asteazkena
"Asteazkenean hobera egingo du apur bat eguraldiak. Hegoaldeko haizea zakar ibiliko da egun osoan eta horren ondorioz tenperaturak gora egingo du; kantauri isurialdean 15 ºC-ak gaindituko dira eta barnealdean 10 ºC-ren bueltan ibiliko da termometroa. Zeruan hodeiak eta urdinguneak tartekatuko dira. Eguerdian urdingune zabalak ikusiko dira zeruan, aldiz, goizean goiz eta gauean hodeiak. Goizean goiz baliteke izotza egitea barnealdeko zenbait lekutan".
Otsailak 13, osteguna
"Ostegunean okerrera egingo du eguraldiak. Fronteak oso hurbil izango ditugu eta horren ondorioz hodeitza sartuko da itsasaldetik. Euria hasiko du goizean, eta gerora zaparradak botako ditu tarteka. Eguerdira bitartean hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, baina arratsaldean mendebaldera edo ipar-mendebaldera egingo du; horrela, goizean seguruenik ateri eutsiko dio ordu batzuetan, baina arratsaldean euritara joko du, batez ere kantauri isurialdean. Tenperatura maximoek berdin jarraituko dute, aldiz, gauez aurreko egunetan baino epelago egingo du".
Informazio eguneratua: http://www.euskalmet.euskadi.net