Victorio Luzuriaga enpresan larriki zauritutako langilea hil egin da. Urtarrilaren 30ean, makinen prebentzio lanetan ari zela lubaki batera erori zen. Geroztik, zainketa intentsiboetako unitatean egon da egoera larrian. Alduntzar enpresarako egiten zuen lan, Luzuriagaren baitako subkontrata batean, 38 urte zituen eta jatorriz errumaniarra zen.
Lan istripu batek eragindako azken heriotza hau salatzeko, Luzuriagako langileen batzordeak, lan uztea eta elkarretaratzea deitu du biharko, 13:00etatik 15:00etara. Deialdiokin bat egin du LAB sindikatuak eta prentsa ohar bidez jakitera eman dutenez, "bere senide eta gertukoei eta oro har langile klaseari bere babesa eta elkartasuna adierazi nahi die". Laneko gaixotasun eta lan istripuekiko tolerantzia zero izan behar dugula gaineratu dute aipatu sindikatutik. Eta halakoak saihesteko, LAB-en esanetan, "eredu aldaketa bultzatu behar dugu, gure osasun eskubidea egiazkoa izan dadin aldaketa politikoa, ekonomikoa eta soziala aldarrikatuz".
6 hildako, hilabete pasatxoan
Aldaketa langileen eskutik etorriko dela diote eta gogorarazten dutenez, "langileok, bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez, saiakera horretan bizia galtzeko. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak, langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Ez, lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira. Beste behin ere hildakoa langile gazte bat da, etorkizun eta lan baldintza hobeagoen bila etorria zena gure herrira".
Dagoeneko 6 dira urtea hasi zenetik, Euskal Herrian lan istripuetan hil diren lagunak. Haietako bi, Gipuzkoan. Azkena, Usurbilen. Ondoko irudian, urte honetan lan istripuz hil zen lehen langilearen lankideek, gertaturikoa salatzeko eginiko elkarretaratzea, Basauriko Gerdau GSE enpresa atarian.